Babes Zibila, boluntario bila
Taldera batzeko Irungo Udalaren webgunean eskura daitekeen eskabidea bete behar da, nortasun agirikoaren tamainako argazki batekin batera aurkeztuz.
Irungo Udaltzaingoak 2022ko oroitidazkiari buruzko datuak ematen jarraitzen du. Cristina Laborda ordezkaria Babes Zibileko unitateak egindako lanaz mintzatu da berriki, eta zerbitzuak boluntario plantilla handitzeko beharra duela aldarrikatu du.
Gaur egun, hemezortzi pertsonek osatzen dute Irungo Babes Zibileko boluntario taldea. 1995ean sortua, ordutik “bilakatzen” joan dela adierazi du Labordak, “gainontzeko zerbitzu publikoekin koordinatuta hirian sortzen diren nolanahiko larrialdietan esku hartzeko”. Era berean, “lantalde profesionalekin elkarlanean” aritzen direla esan du udal ordezkariak, eta “prebentzio zerbitzuak ere ematen dituzte pertsonak eta ondasunak babesteko”.
Iazko datuei erreparatuz, unitateak 76 aldiz esku hartu zuela jakinarazi du Labordak, eta 1.524 orduz egin zuen zerbitzu. Gehienbat (%78), kultura, kirol eta aisialdi arloko ekitaldietan esku hartu zuten. Horrez gain, udal ordezkariak Babes Zibilak urtero jarduera jakin batzuetan parte hartzen duela gogorarazi du: sanpedro eta sanmartzialetako su artifizialak jaurtitzen direnean prebentzio eta segurtasun lanak egiten eta uholde arriskua dagoenean Behobian uhateak jartzen.
Babes Zibileko kideek “lantaldea sendotu” nahi dutela aldarrikatu dute. Bertako boluntarioek azaldu dute taldean aritzeko “eskakizun bakarra” 18 urte baino gehiago izatea eta “denbora librea baliatu nahi izatea” direla.
Taldera batzeko, kideek zehaztu dute interesdunek Herritarrentzako Arreta Zerbitzuaren eskabidea bete behar dutela. Eskabidea Irungo Udalaren webgunean eskura daiteke, eta nortasun agirikoaren tamainako argazki batekin batera aurkeztu behar dela baietsi dute. Informazio gehiagorako, interesdunek 943 50 55 66 telefonora deitu edo Babes Zibilaren helbide elektronikora idatzi dezakete.