Aitor Espie irundarraren erakusketa ikusgai Amaia KZn
Hilaren 28ra arte bisitatu ahal izango da marrazkilari eta artistaren bilduma. Horrez gain, hiru bisita gidatu antolatu dituzte. Lehena igande honetan izango da, 12:00etan.
Irungo Udaleko Kultura arloak jakinarazi du irekita dagoela jada Aitor Espie marrazkilari eta artista irundarraren ’99 leiho’ erakusketa. Hilaren 28ra arte ikusi ahal izango da Amaia KZn, honako ordutegian: asteartetik larunbatera, 18:00etatik 21:00etara eta igande eta jaiegunetan, 11:30etik 13:30era. Astelehenetan, aldiz, itxita egongo dela adierazi dute.
Erakusketaz gain, hiru bisita gidatu antolatu dituztela aurreratu du udalak. Lehena igande honetan izango da, hilak 7, 12:00etan. Besteak hilaren 13an (larunbata, 19:00etan) eta hilaren 21ean (igandea, 12:00etan) izango dira.
Espiek marrazkilari gisa egiten du lan eta klaseak ematen ditu Santiago kalean duen estudio tailerrean. Antolatzaileek zehaztu dute berriki argitaratu duen ’99 ventanas’ liburua dela erakusketaren iturburua.
Lanaren inspirazioa, ordea, Raymond Queneauk 1947an argitaratutako ‘Estilo ariketak’ obratik datorrela aipatu dute. Lan horretan idazleak 99 modu ezberdinetan kontatzen du “istorio ezin aspergarriago bat”: autobus batean doan bidaiari batek botoi bat galdu zuenekoa. Gauzak horrela, Espiek 99 leihoz osatutako bilduma sortu du.
Liburuaren aurkezpena, CBAn
Erakusketarekin batera, Espiek ’99 ventanas’ liburua aurkeztuko du bihar (asteazkena), hilak 3, 19:00etan, CBAn. Saio horretan izango dira Albert Galvany EHUko Filosofia irakaslea moderatzaile eta aurkezle lanetan; Julian Lacalle Pepitas de Calabaza argitaletxeko editorea; eta Aitor Espie liburuaren egilea.