Podemos-Ezker Anitza-Alianza Verdek bukatu du entzute prozesua
Hiriko 60 erakunderekin elkartu eta gero bost proposamen garatu ditu koalizioak.
Elkarrekin-Podemos-Ezker Anitza-Alianza Verde koalizioak aste honetan bukatu du Irungo elkarte eta erakundeekin egin duen “entzute prozesua”. Iazko apirilean hasi ziren eta guztira 60 bat erakunderekin elkartu direla azaldu dute.
Hiriaren diagnostiko bat egin dute eta ondorioa “argia” dela diote: “Kalitatezko zerbitzu publikoak eskatzen dira”. Bestalde, kolektiboek adierazi diete arazoak dituztela udaleko kultura arloarekin lan egiteko. Behin baino gehiagotan aipatu dutela lan egiteko estrategia aldatu beharra dagoela nabarmendu du koalizioak.
Bestalde, oinarrizko kirola bultzatzen jarraitzea garrantzitsua dela ere esan dute. Segidan, bost proposamen egin dituzte ia urtebetez bilerak egin eta gero. Horrela jaso dituzte:
-
Kontratazio-pleguak hobetzea, prozesu horiek bideragarriak izan daitezen; izan ere,zenbait eskakizunek, hala nola eskakizun ekonomikoek, eragiten dute enpresa gutxik horretarako aukera edukitzea. Halaber, aldaketak eskatzen dira praktiketako edo prestakuntza dualeko ikasleak eta bestelako profilak sartzeko.
-
Zerbitzu publikoak berreskuratzea, hala nola CBA, kiroldegiak, TAO eta aparkalekua kudeatzea, betiere indarrean dauden lanpostuak errespetatuz.
-
Garraio publikoak pisua irabaziko duen mugikortasunaren aldeko apustua, IrunBuseko ordutegiak eta ibilbideak hainbat helmugatara egokituz, hala nola Dunboako anbulatoriora.
-
Kultur programa indartsu bat eskatzen da Irunentzat, eta auzoetara hurbiltzeaz gain, maila handiko kultur ikuskizunak eskatzen dira.
-
Udal Ordenantza bat eskatu da udal lokalen lagapena arautzeko eta Animalien Ongizaterako eta Animaliak Edukitzeko Udal Ordenantza garatu eta onartzeko.
Azkenik, David Nuño koalizioaren alkategaiak adierazi du “gizarte zerbitzuak ez dira merkatuko ondasunak, beharrizan batzuk estaltzen dituzten eskubideak dira, eta ezin dira kostuaren edo gastuaren arabera baloratu. Gure hiria da, ez da haien negozioa”.