[Elkarrizketa] "Presiorik gabe eskalatzera eta ongi pasatzera joan nintzen"
Euskadiko blokeko txapeldun da oiartzuarra, martxoaren 19an, Bilboko Piugaz rokodromoan bere egin zuelako txapela. Urtebetez lehiaketatik aldenduta egon arren indartsu itzuli da.
Nola azalduko zenuke zer den boulder txapelketa bat?
Boulder txapelketa bat eskalada modalitate bat da. Bide eraikiak dira, boulder edo bloke deitzen diegu. Problema batzuk bezala dira, soluzionatu behar ditugunak. Helburua goraino eskalatzea da. Top deitzen diogu horri. Gero, erdian presa bat dago: bonusa. Orduan, goraino iristen ez bazara, eta behintzat erdiko presa hori menperatzen baduzu, puntuak lortzen dituzu. Bloke gehien eskalatzea lortzen dituenak irabazten du.
Bloke bakoitza igotzeko modu asko daude, ezta?
Hori da. Bakoitzak bere modua bilatzen du. Ziurgabetasun horrekin jokatzen da ere bai.
Euskadiko Txapelketara aurkeztu aurretik urtebete egon zinen geldirik, lehiatu gabe. Zergatik?
2021eko denboraldia nire bizi osoko hoberena izan zen. Espainiako Txapelketa Absolutuan podium bat lortu nuen, niretzat amets bat zena, sekula esperoko ez nuen zerbait. Oso denboraldi ona izan zen eta oso gustura gelditu nintzen, baina atsedena behar nuela ikusi nuen. Suhiltzaile oposizioetarako ikasten nenbilen, eta denera ezin iritsian, erabaki bat hartu behar izan nuen. Txapelketak denboraldi batez utzi eta oposizioetan zentratu nintzen. Urte bukaera aldera [2022. urtean] Euskal Selekzioarekin lehiatzeko aukera eskaini zidaten, baina txapelketaren aurreko astean lesionatu egin nintzen. Ezin izan nuen itzulera hori egin. Erorketa bat izan nuen arrokan sokarekin eskalatzen, eta orkatilan min hartu nuen. Hiruzpalau hilabetez egon nintzen lesionatuta.
Lesionatu zinenetik hona, nolakoak izan dira hilabete horiek?
Nahiko berandu hasi nintzen txapelketetarako prestatzen, baina motibatuta nengoen. Ez nekien nola izango zen itzulera. Ez nion presio gehiegi jarri nahi nire buruari, eta ez nuen espektatiba gehiegirik egin nahi izan. Aspaldi lehiatu gabe nengoenez ez nekien zer maila egongo zen, edo nola aurkituko nintzen ni neu. Entrenatzailearekin batera lan asko egin dugu, eta azken hilabeteetan ongi entrenatu dugu, gogor. Horrek, nolabait, eman ditu bere emaitzak.
Urtebeteko atsedenaren ondoren, lehen zenuen mailan itzuli zara?
Baietz esango nuke. Zentzu batean beldur gehien ematen zidana alderdi psikologikoa zen. Azkenean, lehiaketak asko exijitzen du psikologikoki eta denbora asko egon nintzen presio edo adrenalina puntu hori sentitu gabe. Baina egia esan, ongi sentitu naiz. Fisikoki uste dut oso indartsu nagoela orain. Arrokan ere oso indartsu sentitu naiz, eta lehen baino gradu zailagoak eskalatzen ibili naiz.
Zein intentziorekin joan zinen txapelketara?
Inongo intentziorik gabe joan nintzen. Itzulerako lehendabiziko txapelketa zenez nola sentitzen nintzen ikustera joan nintzen. Ez nuen irabaztea espero. Era berean, uste dut ongi etorri zitzaidala nire buruari presio hori kentzea emaitza ona izateko.
Lehiatu bitartean zer sentsazio izan zenituen?
Iritsi nintzenean poza eta urduritasuna sentitu nituen. Inoiz baino pertsona gehiago zeuden: kirolari gehiago, eta batez ere, kirolari indartsu gehiago. Euskal Herrian geroz eta jende indartsuagoa dago. Lehen, Euskadiko Txapelketa batean ez zegoen hainbesteko mailarik. Bilbora iritsi nintzenean pentsatu nuen: «Nola ari den handitzen eta indartzen mundu hau. Zail dago asuntoa». Eta uste dut horregatik erabaki nuela presiorik gabe eskalatzea, ongi pasatzea eta jendearekin egotea. Baina pozik nago ikusita zenbat jende mugitzen duen eskaladak.
Lehiaketan momentu zailik izan zenuen?
Bai. Goizeko sailkapenean bloke pila bat egon ziren. Normalean gutxiago izaten ditugu. Denak alde batetik bestera korrika ibili ginen; bloke denak egiteko denbora izango ote genuen edo finalerako indarrak izango genituen jakin gabe. Azkenean, nahiko ondo joan zen goizeko hori. Altueran nahiko txikia naizenez, pixka bat kostatu zitzaidan blokeren bat izan zen, baina bestela oso ongi moldatu nintzen.
Asko gustatu zitzaizkidan blokeak eta ekipatzaileak. Era berean, blokeen estiloa ere asko gustatu zitzaidan. Oso eskalada mota polita iruditu zitzaidan. Gaur egungo txapelketetan badago parkourreko bloke moderno edo jauzietarako joera handia, eta horietakoak bazeuden ere, beste estilo denak ukitu zituzten. Konpletoa iruditu zitzaidan.
Zer sentitu zenuen irabazterakoan?
Pozik sentitu nintzen, gustura. «Ez nago lekuz kanpo hemen», pentsatu nuen, eta nostalgia puntu bat ere sentitu nuen.
Aipatu duzu buruaren lana garrantzitsua dela eskaladan. Ohikoa izaten al da eskalatzen hasi eta punturen batean blokeatzea? Nola gainditzen dituzu momentu horiek?
Finaletan, adibidez, asko gertatzen dela uste dut. Normalean lau problema edo saio izaten dira, eta batetik bestera atseden labur bat izaten dugu. Lehenengo blokeetan ez bazaizu oso ongi atera, kosta egiten da egoerari buelta ematea eta hurrengora lasai joatea. Ni neu boulder bakoitza zerotik hasten saiatzen naiz. Aurrekoa ahaztu, reset egin eta hurrengoari ekin.
Burua lantzen duzun zerbait da?
Bai. Askotan egiten ditugu simulakroak, eta egia esan, asko eskertu ditut. Izan ere, denbora neraman presio puntu hori sentitu gabe eta txapelketara begira ere ongi etorri zaizkit buruko ariketa horiek. Hain justu, txapelketa baino lehen Euskal Selekzioarekin simulazio bat egin genuen.
Zenbateko maiztasunarekin elkartzen zarete selekzioan?
Hilean behin elkartzen saiatzen gara. Teknifikazioak egiten ditugu denek elkarrekin entrenatzeko. Gero, talde bezala, Espainiako Txapelketara eramaten gaituzte. Egia esan, ikaragarrizko aukera izan da. Bestela, segur aski, ez nuen horrenbesteko esperientzia izango, ez nukeelako hainbeste lehiaketetara joateko gaitasunik izango. Asko eskertzen da babes hori zentzu horretan.
Pareta baten aurrean zaudenean denbora izaten duzu pentsatzeko?
Normalean blokea aldez aurretik ikusteko aukera izaten dugu, bisualizatzea deitzen diogu horri. Minutu pare bat izaten ditugu, asko jota, blokea ikusteko eta nola egin pentsatzeko, eta kideekin elkarbana dezakegu hori. Ondoren, isolamendu gela batera eramaten gaituzte eta banaka ateratzen gara. Lau minutu izaten ditugu bloke bakoitzeko, eta hor zure ideia gauzatzen saiatzen zara. Burua momentu horretan oso azkar doa inprobisatzen.
Esan duzu aukera duzuela estrategia bata eta bestearekin elkarbanatzeko. Harreman ona duzue zuen artean?
Bai, eta asko baloratzen dudan zerbait da hori. Denak batera irteten garenean, nire inguruan ditudanak behintzat, ez dugu arazorik esateko zer pentsatu dugun. Oso giro ona dago eta asko baloratzen dut hori.
Urte asko daramatzazu eskalatzen eta lehiaketa asko irabazi dituzu dagoeneko. Zein da zure motibazioa?
Esango nuke nire motibazioa arrokan dagoela. Eskaladan etengabe hobetzen joateko aukera dago, bai arrokan, eta baita boulderrean edo sokan ere. Asko begiratzen diogu graduari eta hobetzeari. Askotan, graduetan gora egitea ez da bere horretan erronka bat. Bide bat kateatzea, hau da, goraino heltzea, adibidez, erronka izan daiteke. Hori da nire motibazio handiena. Bide bat ikustea eta esatea: «Hori egin nahi dut». Orduan, erronka horri eusteko entrenamendu espezifikoak egiten dituzu. Bidaiak egiteak ere asebetetzen nau, toki ezberdinetan gauza ezberdinak eskalatzea oso gustuko dut.
The Factory Boulderren irakasle zara. Pasioa lanera eraman duzu.
Bai, eta zentzu horretan zorte handia dut. Kirol-zientziak ikasi nituen eta beti esan digute: «Hor gosez hilko zarete». Nik, egia esan, zorte handia izan dut nire pasio den honetan nabilelako lanean, eta asko gustatzen zaidan zerbait delako. Normalean gazteekin ibiltzen naiz. Gazteak entrenatzea asko gustatzen zait. Poztasun handia ematen dit beren bizipozak.
Nola daramazu leku berean lan egitea eta entrenatzea?
Batzuetan gogorra da. Batez ere nire lagun eta kideak entrenatzera datozen garaian ni lanean nagoelako. Orduan, jende asko ikusten dut, eta lagunekin egoteko aukera izaten dut. Baina momentu horietan lanean nagoenez, gauean lana bukatuta, edo eguerdian lanaren aurretik entrenatu behar izaten dut. Baina tokia asko gustatzen zait eta oso gustura nago. Ezin naiz kexatu.
Azken urteetan hazkunde handia jasan du eskaladak. Modan jarri dela uste duzu?
Eskalatzen hasi nintzenean oso gauza minoritarioa zen. Friki kuadrilla bat ginen, arroketan ibiltzen ginenak. Gaur egun, eta batez ere azken urteetan, ikaragarrizko hazkundea izan da. Rokodromoan bertan ere nabaritzen da. Gazte kuadrilla pila bat etortzen dira egun pasa rokodromora, edo asko dira heldutan eskalatzen hasi direnak. Asko nabaritzen da. Ez dakit modan jarri den edo ez, baina egia da gero eta jende gehiago dagoela.
Horrek mesede egiten dio eskaladari?
Zentzu batean bai. Uste dut oso kirol interesgarria eta dibertigarria dela jende askorekin egotea ahalbidetzen duelako. Oso kirol soziala da. Baina aldi berean, mendira, naturara eta arrokara ateratzean errespetatu behar diren balioak daude, eta batzuetan jendea ez da horretaz jabetzen. Mendian berezko fauna dago eta errespetatu egin behar da. Oihuak eta zarata ekidin behar dira, edo ez da hondakinik utzi behar. Gauza horiek zaindu eta transmititu behar dira.
Aurrerantzean, zer?
Hurrengo lehiaketa maiatza erdialdean izango dut, Cuencan. Ondoren Espainiako Txapelketa ekaina hasieran izango da, eta motibatuta nago horrekin ere. Aurten gogoa daukat eskaladari egur pixka bat emateko. Eta gainontzean, bada, bizitzan saltseatzen jarraitzea.