Arbeseko erresidentziarako beste baimen bat eskatu du udalak
Duela hamabi urte sinatu zuten adinekoentzako tutoretzapeko apartamentuak eraikitzeko hitzarmena aldundiarekin. Orain, proiektua eguneratu behar dute.
Adinekoentzako tutoretzapeko 50 apartamentu eraikitzeko hitzarmen bat sinatu zuten 2011n Irungo Udalak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak. Arbes auzoan eraikitzea da asmoa eta aste honetan proiektua eguneratzeko beharrezkoa duten baimena eskatu dio udalak URAri.
Eraikitzearen ardura udalarena dela zehaztu du udalak eta nabarmendu dute hiriko erakundea “hainbatetan behingoz gauzatzeko eskatzeaz gain, dagozkion gaietan lanean jarraitu” duela. Baina, udalak ezin ditu eraikitze lanak hasi “aldundiaren proiektuaren pean baitago”.
Gogoratu egin dute udalak eremua utzi zuenekoa, eta “gero, ingurua urbanizatzeko proiektua prestatu” zutenekoa. Dena den, proiektua ez da gauzatu eta “atzerapena” salatu du Irungo Udalak. “Atzerapena hainbestekoa da jadanik, eta erresidentzia garestiago gerta baitakioke hiriari (materialak, urbanizazioa,etab)”.
Bestalde, 2011n sinatutako hitzarmena 2015 eta 2019 urteen arteko legealdian eguneratu zutela adierazi du udalak. “Akordio horren arabera, udalak Arbeseko hirigintza eremuko partzela bat laga zion aldundiari, erresidentzia bat eraiki eta kudea zezan”. Udalak, berriz, ekipamendua lehenengoz okupatu aurretik ingurua urbanizatzeko lanen ardura hartu zuen bere gain.
Cristina Labordak azaldu du akordioari jarraiki 2012an proiektu bat idatzi zutela, baina hamar urte igaro direla eta “ezer gutxi aldatu denez, orain, aztertu eta eguneratu egin behar dugu”. Beraz, Labordaren aurreikuspenen arabera kostua handiagoa izango da, “prezioen azken hamarkadetako gorakada aintzat hartuta” zehaztu du.
Proiektua lizitazio fasean dagoela azaldu du udalak, “azkena izango denaren esperoan”. Bien bitartean, beste pausu bat eman dute urbanizazio lanei dagokienez eta urbanizazio proiektuaren jarduketa esparrua zortasun eremuaren barruan dagoela kontuan izanik, urbanizazio lanak egiteko baimena eman diezaion eskatio diote URAri, “haiek egiteko baldintzak adieraz ditzan, proiektu eguneratuan sartzeko”.