Pequeña Velocidad babesteko beste mozio bat aurkeztuko dute ostiral honetan elkarte memorialistek
Eraisteko proiektuaren aurrean urtebeteko moratoria luzamendua eskatuko dute Kepa Ordoki eta Nicolas Gerendiain elkarteek. Era berean, gunea memoria historikorako zentroa izateko prozesu parte hartzaile bat hastea galdegingo dute.
Legegintzaldi honetako azkeneko osoko bilkura egingo da ostiralean eta bi puntuko mozio bat aurkeztuko dute Kepa Ordoki Memoria Historikoa Bidasoan Elkarteak eta Nicolas Gerendiain Irungo Errepublika Zaleen Elkarteak.
Lehenik, Pequeña Velocidad Frankismo garaiko kontzentrazio esparruaren “eraisketaren arriskuaren aurrean” eskatu dute “urte beteko moratoria luzamendua” ematea kontzentrazio esparrua bere horretan segi dezan.
Eskaera hori Irungo Udalari eta ADIF enpresari egin diote. Izan ere, Via Irun proiektuaren barruan pabiloia dagoen puntuan zubi bat eraiki nahi dute, baina pabiloia dagoen lur saila ADIF enpresarena da.
Bigarren puntuan pabiloia urtebete ez ukitzearen tarte hori “baliagarria” izango dela udalak prozesu parte hartzaile bat martxan jartzeko argudiatu dute, “zeinetan planteatzen den lekua memoria historikorako gune bat, museo bat edota zentro bat bilakatzea, eta zer nolako ezaugarriak izango lituzkeen erabakitzea”. Parte hartzearen proposamena mozioan jaso dute ere.
Irunek “oroimen zabala” duela diote eta, horregatik, Via Irun proiektuaren barruan pabiloia hiriko oroimen historikoaren gunea ezartzea aldarrikatu dute. “Ehundaka errepresaliatu, milaka atxilotu, aztertu beharreko biktimarioak edota hainbeste eragin izan zuen Bidasoko Komandantzia Militarra”.
Pequeña Velocidadek Frankismoan izan zuen garrantzia berretsi dute ere. Izan ere, Gerra Zibila amaitzean erbestetik bueltatu zirenen gogoz kontrako lehen espazioa izan zen Pequeña Velocidad eta gutxi gorabehera Kepa Ordokik jasotako dokumentuen arabera, gutxienez, 4.000 pertsona pasa ziren 1939, 1940 eta 1941 urteen artean.
Espainiako Memoria Demokratikoaren Legearen babesean urrian egin zuen Kepa Ordokik kontzentrazio esparrua mantentzearen aldeko eskaera eta oraindik erantzunaren zain daude. Bestetik, EAEn ekainean Memoria Demokratikoaren Legea onartuko dela aurreratu dute eta lege horren esperoan badaudela ere azaldu dute.
Urriko osoko bilkuran Kepa Ordokik hitza hartu zuenetik “beharrezkoa bihurtu da uneoro alderdi politikoen atzetik egotea” deitoratu dute, “hitzetatik ekintzetara” pasatzea eskatu dute. Alegia, pabiloia ez botatzeko eta hura memoria zentro bat bilakatzeko konpromisoa da eskatu dutena.
Bi taldeek uste dute herritarrei interpelatzea behar dela memoria gunea bilakatzeko prozesua hasteko eta hala egin dute gaurko agerraldian. “Lan kolaboratzaile bat izango da zentroaren etorkizuna eta herritarrei dei egiten diegu horretan parte hartzera. Ez da iraganari begirako kontu bat baizik eta etorkizunari begirakoa da”.