Jaietan joko duten Irungo taldeak bozkatzeko aukera, zabalik
Maiatzaren 7ra arte egongo da taldeak hautatzeko aukera, Irungo Udalaren webgunean dagoen galdetegi bat betez.
Irungo Udaleko Kultura arloak jakinarazi du maiatzaren 7ra arte egongo dela irekita ekainaren 23an eta 24an San Pedro eta San Martzial jaien programaren barruan telonero gisa bertako zein taldek joko duten bozkatzeko epea.
Bozkatu nahi duenak Irunen erroldatua egon beharko duela nabarmendu du udalak, eta 16 urte beteak eduki 2023ko apirilaren 25a baino lehen.
Irekita dago jada parte hartzeko epea, eta udalaren webgunearen bitartez bozkatu ahal izango da galdetegi bat betez. Gehienez bi hautagai bozka daitezkeela zehaztu dute. Horrez gain, aplikazioak zenbait datu pertsonal eskatzen dituela iragarri du udalak: izena eta bi abizen, jaioteguna eta nortasun agiriaren zenbakia.
Hauek dira jaietan aritzeko bozkatu daitezkeen musika taldeak:
- Apaga y vámonos.
- Ankerra.
- Zarata.
- The Inductions.
- Lanbroa.
- Calle Beat.
- Krin.
- Fa Sus 4.
- La Bona Dea.