«Esperientzia polita izatea espero dut; ez nabil kirol aukeren bila»
«Asko pentsatu gabe» eman zuen izena Queens League lehian Sara Olaizolak (Irun, Gipuzkoa, 1997). Realean aritu ostean, Oiartzunen ari da orain. Uste du emakumeen futbolak ikusgaitasun handiagoa hartzeko plataforma ona izan daitekeela.
Nola sortu zaizu Queens League txapelketan parte hartzeko aukera?
Kings League lehiako formatua interesgarria iruditu zitzaidan, eta, sare sozialen bidez, Queens League txapelketaren berri izan nuen. Asko pentsatu gabe apuntatu nintzen. Draft-era joateko mezua iritsi zitzaidanean zalantza egin nuen. Azkenean, lanarekin uztartu beharko dut; larunbatero Bartzelonara joan… Baina esperientziak merezi izango du!
Nolakoak izan ziren hautatua izateko igaro beharreko probak?
Askotariko probak egin behar izan genituen: abiadura probak, punteria eta teknika ariketak…
Oiartzunen ari zara jokatzen. Ez dizute arazorik jarri parte hartzeko?
Queens League lehiaren hasiera ia-ia bat dator gure txapelketaren amaierarekin, eta uztailean bertan amaituko da. Beraz, ia ez du eraginik izango Oiartzunekin jokatuko ditudan partidetan. Dena den, ahalik eta ondoena uztartzen saiatuko naiz.
Emakumeen futbola goraka ari da. Halako txapelketa batek ekarpenik egin diezaioke?
Uste dut eragin handia izango duela emakumezkoen futbolean. Plataforma handi bat eskain dezake, eta modua emango du orain artekoaz bestelako publiko batengana iristeko. Horrek emakumezkoen futbolaren interesa eta parte hartzea areagotzen lagundu dezake, eta hori, zalantzarik gabe, oso positiboa da.
Nolako txapelketa espero duzu?
Goi mailako jokalari asko daude; beraz, ziur nago lehia handiko txapelketa izango dela. Gogotsu nago nire taldekideengandik eta aurkariengandik ikasteko. Ea nola moldatzen naizen lehiaketa mota honetan.
Zer esango zenieke, txapelketa hau kirola ez bazik eta ikuskizun hutsa dela diotenei?
Txapelketa hau kirola eta ikuskizuna da, eta horrexek egiten du hain interesgarria. Proposatzen dutena kirol hutsa baino gehiago da: partida laburragoak, dinamikoak, klub bakoitzeko presidenteek ematen duten ikuskizuna… Horrek bereizten du ohiko ligetatik, eta horri esker lortu dute hainbeste jenderengana iristea, gazteenengana batez ere.
Kirol ikuspegitik, aukera moduan ikusten duzu?
Bere garaian Lehen Mailara iritsi nintzen Oiartzun eta Realarekin. Bizipen polit bat izatea espero dut, baina ez nabil kirol aukeren bila.