Ermita kalea berritzen hasi dira gaur
Obrek zazpi hilabeteko iraupena izatea aurreikusi du udalak, eta leku batzuetan trafikoa bideratu beharko da landa eremuan.
Irungo Udalak jakinarazi du gaur hasi dela Ermita kalea berrurbanizatzeko lanen lehen fasea. Ama Xantalen ermitak, iturriak eta kanalaren zubirainoko lehen etxe lerroek bat egiten duten tartea da egokituko dena. Gauzatuko diren jarduketen ondorioz, berrurbanizatuko den kale tartea trafikora itxiko da, ezin baitira bateratu obrak eta makinen presentzia ibilgailuen zirkulazioarekin.
Landa eremutik Irungo hiri ingurunera iristeko, Ibaietako Gaina parean, bi bide daudela gogorarazi du udalak: Ama Xantalen ermitara jaisten dena eta Ibarlako Bordatxuri baserrira doana. Ama Xantalen ermitako bidean zirkulazioa moztuko denez, trafiko guztia Ibarla aldera bideratuko dela aurreratu du udalak. Hortaz, lanek irauten duten denboran, landa eremuaren eta Irungo hirigunearen artean sartzeko eta irteteko, Ibarlaren eta Ibaietako Gainaren arteko bide alternatiboa erabili ahal izango da.
Desbideratze hori, printzipioz, jarduketek irauten duten ia denbora guztian mantenduko dela nabarmendu du udalak. Obrek zazpi hilabeteko iraupena izatea aurreikusi dute. Proiektuak 643.480,25 euroko aurrekontua izango du eta enpresa esleipenduna Urbycolan SL da.
Proiektua
Ermita kalean gauzatuko diren aurreikusitako lanen barruan, honako jarduketak egingo direla zehaztu du udal erakundeak: kalea oinezkoentzat egokitu; akaberak, zolagainak, azpiegiturak eta kaleko altzariak berritu; eta lorategiak jarri. Udalak baietsi du inguru horretan bizi diren bizilagunek parte hartze prozesu bat egin dutela proiektua prestatzerakoan.
Udal erakundeak azaldu duenez, berrurbanizatzearen helburua da eremu hori hiriko alde zaharrean integratzea, eta ildo horretatik, esku hartzeko irizpideak Irungo Alde Zaharra Birgaitzeko Plan bereziak finkatzen dituenekin bat etorriko dira, planak barnean hartzen baitu Ermita kalea.
Beste xedeetako bat da eremua eraldatzea eta hiriaren egituran duen garrantziaren arabera egokitzea, eremuko elementu interesgarriak nabarmendu eta akabera eta argiteriaren bidez haien monumentaltasuna azpimarratuta eta espazioa haiek egokiro bistaratzeko moduan antolatuta.