San Marko egunari begira, adikzioak prebenitzeko kanpaina
Gazteei begirako drogen adikzioa prebenitzeko kanpaina jarri du martxan Irungo Udalak. Bestetik, urteroko autobus zerbitzua jarriko dute San Martzialera eta Guadalupera.
San Marko eguna datorren asteartean izango da eta, horren harira, Irungo udalak autobus zerbitzu berezi bat antolatu du San Martzial mendira joateko eta baita ere Hondarribiko Guadalupe zelaietara iristeko.
Urtero lez, egun osoko zerbitzua izango da, ordu erditik ordu erdira. Bi lineak 10:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:30era ibiliko dira.
Bestalde, Irungo Udalak prebentzio protokolo bat sortu du eta apirilaren 25ean indarrean jarriko dute, beste urteetan bezala. Programa horretan parte hartzen dute Gizarte Ongizate eta Mugikortasun arloek, eta Udaltzaingoak ere.
Horrez gain, udaletxeko webgunean, adikzioak prebenitzeko atalean, arriskuak murrizteko bideo-dekalogo bat argitaratu dute. Gazteak bideo hori ikustera animatu dituzte.
Ildo horretan, Gizarte Ongizate arloak gutun bat igorri die Irungo merkatariei, gogorarazteko legeak debekatu egiten duela adin txikikoei alkohola saltzea edo ematea, bai eta garrantzia handia dutela esateko ere, alkohol-kontsumoaren prebentzioan laguntzeko eragile sozial gisa.