[Azken ordukoa] Olaberrian bi hildako agertu direla jakinarazi du Ertzaintzak
Ertzaintzak ez du xehetasunik eman, baina Irungo Udalak baieztatu du bi bizilagunen arteko liskar baten ondorioa dela gertakaria.
Ertzaintzak jakinarazi du ikerketa bat abian duela Olaberria auzoan agertu diren bi hildakoren gorpuak direla eta. “Biek biolentzia zantzuak zituzten, dirudienez su armek eragindakoak”, gaineratu dute. 11:30ean jaso du abisua Ertzaintzak, eta berehala joan dira hara agenteak. Hildakoak bi gizon dira, 53 eta 47 urtekoak.
Bi lur-jaberen arteko liskarra izan dela baieztatu du Irungo Udalak. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak jakinarazi du ikerketa abian duela, gertatutako argitzen saiatzeko.
Euskadi Irratiak jakinarazi duenez, bi pertsona horiek liskarrean hasi ziren bien etxaldeen arteko mugen afera batengatik; bizilagunak ziren. Antza denez, lehenik batak besteari tiro egin dio, eta, jarraian, bere buruaz beste egin du. Dena den, adierazi dute hipotesi guztiak kontuan hartuko dituztela, eta ikerketa zabalik dagoela oraindik.
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailburuak gertatutakoa baieztatu du, eta bi hildakoak Olaberria auzokoak zirela esan. Argi dute bi-biek suzko arma baten tiroak zituztela, baina sailburuak adierazi du ez dutela deus gehiago baieztatzen ahal: «Hortik aurrera, dena dago ikertzeko; oraindik argitu gabe dago zer-nolako baldintzetan izan diren tiroak».