Eguzki, "kezkatuta" Plaiaundin gauzatuko den proiektuarekin
Eremu horretan egitekoak diren jarduketek espazio babestua "inbadituko" dutela eta horrek "eragin oso negatiboak eta kontserbazio helburuekin bateraezinak" direnak sor ditzakeela salatu dute.
Eguzki Bidasoa Txingudiko badiako gune babestua osatzen duten zonaldeen ingurumen egoera onagatik “etengabe kezkatua” dagoen talde ekologista da, eta Jaitzubian gauzatu den eta Plaiaundin proiektatu den jarduketez mintzatu dira.
Alde batetik, Jaitzubian egindako “jarduketa egokia txalotu” dute. Lan horietan padura inguratzen duen bidezidorraren trazadura aldatu dutela jakinarazi du talde ekologistak, bizikletak ibiltzeko “berariazko debekua barne”. Jarduketa horren harira, bisitarien joan-etorriak “eremu sentikorrenetako batetik urruntzen” direla esan du Eguzkik, “espezieen beharrezko lasaitasuna erraztuz”.
Jaitzubian gauzatutako jarduketa hori “benetan txalotzen” dutela azpimarratu du Bidasoko ekologista taldeak, eremu horretako estuarioko habitatak leheneratzeko eta fauna hartzeko funtzioak “nabarmen hobetu” direlako. Izan ere, Natura 2000 Sarearen helburuak eta arauak bete behar direla adierazi du Eguzkik.
Bestalde, Plaiaundin, Natura 2000 Sarearen barruko beste eremu batean, “guztiz kontrako norabidean jardutea” proiektatzen dela ohartarazi du talde ekologistak. Pertsonen joan etorriak sortzen dituen “asaldurak saihestu beharrean”, babestutako espazioaren barruan oinezkoentzako eta bizikletentzako pasealeku bat sortu nahi dutela esan dute etsipenez. Proposatutako pasealeku hori, gainera, asfaltatua, kale argi eta altzariekin eta pertsona askok erabilia izango dela jakinarazi du Eguzkik. Gauzak horrela, espazio babestua “inbadituko” dutela salatu eta horrek “eragin oso negatiboak eta kontserbazio helburuekin bateraezinak” direnak sor ditzakeela gaineratu dute.
Plaiaundiko jarduketa “araugintza ahalmenik ez duen Plan Zuzentzailearen babesean” egin nahi dela salatu dute, Natura 2000 Sareko Jarduketen eta Neurrien Dokumentuan eta ibai estuarioetan aplikatu beharreko beste xedapen batzuetan jasota dagoen “nahitaez bete beharreko araudia urratuz”. Horrez gain, oinezkoentzako eta bizikletentzako bide horren trazadurarekiko “eragin txikiagoa” izan dezaketen “alternatibak jasotzen dituen planik” aurkeztu ez dela iragarri du Eguzkik: “Eta egon badaude eta, gutxienez, aztertu beharko lirateke”.
“Ez gara nekatuko gogorarazteaz gaur egun Txingudi Bidasoaren jatorrizko estuarioa izan zenaren zati bat baino ez dela. Balio ekologiko handiko espazioak berreskuratzeko eta kontserbatzeko premia larria ez dator bat pentsamolde zaharkituak markatu zituzten haien okupazioaren eta erabileraren ibilbide historikoarekin. Bada garaia agintariek, horretarako eskumenak baitituzte, onar dezaten espazio horiek hobetzea eta zaintzea, ahalik eta premia eta funtzionaltasun handienarekin, ezinbesteko konpromisoa eta betebeharra dela gizartean, politikan eta ekologian”, aldarrikatu du talde ekologistak.