Horietan lehena gaur izango da, eta Irungo Udaleko alderdi guztietako alkategaiak auzoan izango dira hauteskunde programak aurkezteko. Astebururako, aldiz, erakusketak eta mahai inguruak antolatu dituzte.
Landetxa Auzo Elkarteak hainbat ekitaldi antolatu ditu datozen egunetarako. Horietan lehena gaur arratsaldean izango da, 19:00etan, eta maiatzaren 28ko udal hauteskundeak izango ditu ardatz. Irungo Udaleko alderdi guztietako alkategaiak auzoan izango dira beren hauteskundeetako programak aurkezteko, auzorako dituzten proiektuak azaltzeko eta auzotarren galderak erantzuteko.
Gainontzeko ekitaldiak asteburuan izango dira. Alde batetik, ostiraletik igandera (hilak 21-23), Gari Garaialderen ‘…eta bidean Irun. Begirada bat bidean doazen emakumezkoei’ migrazioaren inguruko argazki erakusketa egongo da ikusgai. Argazki bilduma ordutegi honetan bisitatu ahal izango da: ostirala 17:00etatik 21:00etara; larunbata 12:00etatik 14:00etara eta 15:30etik 21:00etara; eta igandea 11:30etik 13:30era eta 17:30etik 20:00etara.
Bestalde, igandean Liburuaren Nazioarteko Eguna ospatuko da, eta egun horren harira, mahai inguru bat antolatu dute larunbatean, hilak 22, 17:00etan. ‘Miñan’ liburuaren bueltan arituko dira berban Amets Arzallus liburuaren egilea, Ibrahima Diallo eta Irungo Harrera Sareko Oihana Galardi.
Azkenik, auzoko liburutegia ohiko ordutegian irekia egongo dela gogorarazi dute auzo elkarteko kideek, hau da, astearte eta ostegunetan, 16:00etatik 18:00etara. Berezitasun moduan, hilaren 20an, 25ean eta 27an liburutegitik liburu bat hartzen dutenek sorpresa bat eramango dutela aurreratu dute.