Hiriko ondarea, Irungo udal egutegirako gaia
Guztira hamahiru argazki hautatuko ditu epaimahaiak. Argazkilariek urriaren 30era arteko epea dute haien irudiak bidaltzeko.
Irungo Udalak urtero kaleratzen duen egutegia parte hartzailea martxan da, urriaren 30era bitarte. Ildo horretan, hiriko historia eta ondarea jorratzea da argazkilarientzat 2024rako jarri duten gaia.
Ondarearen historia gaitzat hartzearen arrazoia eraikin horiek azken urteetan lehengoratu izana dela azaldu dute, “hala nola, Abenida zubia, Gazteluzar gaztelua eta Ama Xantalen ermita”.
Irunek mendeetako historia duela gaineratu dute: “Sortu zenetik, Irun hiri erromatarra zenetik alegia, eta buka XX. mendeko gertakizunetan, tartean Erdi Aroa eta industria aroa direla”. Lurzoru urbanizagarrian ez ezik, landa eremuan ere ondarea dagoela dio udalak.
Guztira hamahiru argazki aukeratuko dituzte, hilabete bakoitzeko bat eta beste bat azalerako. Irungo Argazki Elkarteak egingo du hautaketa; izan ere haiek editatzen dute urtero egutegia.
Bestetik, argazkiek gutxieneko ezaugarri batzuk bete behar dituzte eta horiek dagoeneko udalaren web orrian kontsulta daitezke. Horrez gain, irudiak bidali ahal izateko formulario bat bete behar da ere, orrialde berean topa daiteke.