Maiatzean egingo dute aduana ordezkaria izateko azterketa eta proba hori prestatzeko saioa egingo dute Plaiaundin, hilaren 29an.
Garraio enpresetako aduana ordezkari izateko azterketa maiatzean egingo da Zerga Administrazioko Estatu Agentziak hala jakinarazi ondoren, eta proba hori prestatzeko saioa antolatu dute elkarlanean Plaiaundi institutuak, Zaisak, Ateiak, Guitransek eta Aduanako Agenteen Irungo Eskolak.
Hego Euskal Herria Europar Batasunean sartu zenean desegin zen aduanako langilearen postua, baina jardunaldiaren antolatzaileek azaldu dute “aduanaren sektorea gakoa” izaten jarraitu duela garraioaren sektorean.
Azken 30 urteetan erronka askori aurre egin behar izan diola gogoratu dute, “lege aldetik eta informatika aldetik”. Gaur egungo Irungo aduanan dabiltzanen erronka Irunen pertsonal kualifikatuaren beharra dagoela dela azaldu dute. “Belaunaldi-aldaketa agerikoaren eta merkataritzaren hedapenaren ondorioz, eskulana ondasun preziatu bilakatzen da sektorean inplikatutako erakunde guztientzat”.
Bide horretan, lanpostuaren etorkizuna bermatzeko 2016tik kurtso bat eskaintzen ari dira UNED bidez Aduana-ordezkariaren akreditazioa lortzeko gaikuntza izena duena.
Oraingoan, Plaiaundi institutuan egingo dute formakuntza jardunaldia, apirilaren 29an, 09:00etatik 15:00etara. Saio horretako dinamika Zerga Administrazioko Estatu Agentziak egindako aurreko azterketa-deialdietan agertu diren ariketa praktikoak ebaztea eta azaltzea izango da.
Helburua da azterketari ahalik eta ondoen aurre egiteko gakoak ematea, probara aurkezten diren pertsonek errazago gainditu dezaten eta aduana-ordezkari izateko gaitasuna lor dezaten.
Plaza mugatuak izango ditu saioak eta saioari buruzko informazio gehiago ematen joango direla azaldu dute azterketaren data gerturatzen ari den heinean. Lanpostuari buruzko informazio gehiago lotura honetan topa daiteke.
Tailerreko irakasleak lau izango dira: Josune Urrosolo, Plaiaundi institutuko Garraio eta Logistiako prestakuntza zikloko irakaslea eta UNEDko Aduana-ordezkariaren akreditazioa lortzeko gaikuntza kurtsoko zuzendariordea; Pablo Gutierrez, XPO enpresako aduanaren zuzendari ohia eta UNEDko Aduana-ordezkariaren akreditazioa lortzeko gaikuntza kurtsoko irakaslea; Agustin Ortiz, Aduanako ordezkaria eta merkataritza internazionaleko ordezkaria enpresa deituriko enpresan; eta Enrique Martinez, Aduana-ordezkaria eta UNED-Bergarak emandako aduana-ordezkaria eta nazioarteko merkataritza gaitzeko prestakuntza aurreratuko irakaslea.