ARK-MO, inguruko ondareari buruzko film laburren egitasmoa
FICAB zinemaldi arkeologikoaren programazioaren barruko proiektua da. Ikasle gazteei zuzenduta dago, eta parte hartzeko azken eguna urriaren 15a da.
Bidasoako Nazioarteko Zinemaldi Arkeologikoaren (FICAB) iazko edizioan ARK-MO izeneko egitasmo berri bat jarri zen martxan, gazteak, zinema, ondarea, kulturaren zabalkuntza, lurralde ezberdinetako ikastetxeak, sormena eta talde lana bultzatzeko helburua duena.
Proiektu horrek ikasleek beren ingurunetik hurbil dagoen arkeologia edo historia ondarea sustatzeko eta ikus entzunezko baten bidez zabaltzeko aukera ematen duela adierazi dute antolatzaileek. Iniziatiba horren barruan, ikasleek aukeraketa ikerketa eta sintesi lan bat egin behar dute ingurune edo pieza arkeologiko bat erakusteko eta balioesteko, ikus entzunezko baten bidez. Helburua da ikasleek, euren mugikorrekin, inguruko ondareari buruzko film labur bat osatzea.
Proiektuaren beste ardatzetako bat ikasleak motibatzea da, beren inguruneko arkeologia aberastasuna ikuspegi sortzaile batetik ezagutu eta partekatu ahal izan dezaten.
Izen emate eta filmak entregatzeko epea urriaren 15ean bukatuko da, eta lehiaketan parte hartzeko, Oiasso Museoarekin harremanetan jarri behar dira interesdunak, 943 63 93 53 telefonora dei eginez edo posta elektroniko bidez.