Inoizko bisita datu onenak lortu ditu udal webguneak
Iazko kopuruen arabera, 1.2 milioi bisita baino gehiago zenbatu zituen udal atariak, errekor historiko berria ezarriz.
Informazioaren Gizarterako eta Herritarren Partaidetzarako Monica Martinez ordezkariak Irungo Udaleko webguneko 2022ko jardunari buruzko datuak eman ditu gaur, eta baikorrak dira, webguneak inoizko bisita datu onenak jaso baititu, errekor historiko berria ezarriz.
Iazko datuen arabera, irun.org webguneak 1.233.414 bisita izan zituen, 2021ean baino 150.000 gehiago (%13,9ko gorakada). 2022an bisitatuko orrialdeen guztizko kopurua, berriz, 3.330.125 izan zela jakinarazi du udal ordezkariak, eta, batez beste, bisita bakoitzean 2,7 orrialde bisitatu zirela gaineratu du. Bisita kopuru handiena zenbatu zituen asteko eguna ostirala izan zela nabarmendu du Martinezek, eta bisita gehienak 11:00etatik 12:00etara izan ziren.
Bestalde, jardun handieneko hilabetea ekaina izan zela adierazi du udal ordezkariak. Besteak beste, bertako merkataritza eta ostalaritza sustatzeko bonuen programaren puntu gorena izan zen eta udako kontziliazio laguntzak eta ikasmateriala erosteko laguntzen programa jarri ziren martxan hilabete hartan.
Udaleko atarian sartzeko gailu nagusia smartphoneak izan ziren, erabiltzaileen %65ak bertatik bisitatu baitzuen webgunea. Gainontzekoek, aldiz, ordenagailua baliatu zuten. Erabilitako gailuaren baitan webgunea arakatzeko modua ezberdina izan zela iragarri du Martinezek; izan ere, smartphone bidez konektatu zirenek denbora laburragoa iraun baitzuten atarian: 01:32 minutu. Ordenagailutik sartu zirenak, ordea, 03:05 minutuz izan ziren udal webgunean.
Eduki berriak
Monica Martinezek gogorarazi du 2021ean udal webgunea berritu zutela, eta ordutik, formatu dinamiko eta ikus-entzunezkoagoa duela, kultur arloko eta aisialdiko agendara eta berrietara sartzeko bidea errazten duena. Horrez gain, egoitza elektronikoko tramitazio eta gestio zerbitzuetara sartzeko bidea zuzenagoa dela esan du.
Udal programa, diru laguntza eta egitasmoei buruzko informazioa egunero berritzeaz gain, iaz zenbait berrikuntza egin zirela zehaztu du udal ordezkariak. Gainera, webgunea gaika sailkatzeari esker, udaleko zerbitzuek sortzen duten informazio guztira sartzea “errazagoa eta azkarragoa” dela azaldu du Martinezek. 2022an, honakoak izan ziren bisita gehien jaso zituzten atari tematikoak: Herritarrentzako Arreta Zerbitzua eta egoitza elektronikoa (%53), Kirolak (%10), Gazteria (%10), Gizarte Zerbitzuak (%6) eta Kultura (%3).
Egoitza elektronikoa
2022an udalaren egoitza elektronikoaren bidez jasotako eskaeren kopurua 28.131 izan zen, 2021ekoa baino pixka bat txikiagoa, baina aurreko urteetan baino handiagoa.
Bestalde, egoitza elektronikoaren bidez egindako tramite nagusiak honakoak izan ziren: instantzia eta eskabide orokorrak eta dokumentazioa aurkeztekoak; ikasmateriala erosteko laguntza eskuratzekoak; kiroldegietan eta Eskola Kirola eta Solas-Jolas programetan izena ematekoak; udalak ematen dituen diru laguntzak eskatzekoak; lanak egiteko baimenak eskatzekoak; eta establezimenduak urtean zehar bertako merkataritza eta ostalaritza sustatzeko egindako kanpainetara atxikitzekoak.
Informatika Zerbitzua
Udal Informatika Zerbitzua udalaren sare informatikoa eta telekomunikazio sistemak kudeatu eta administratzeaz arduratzen den unitatea dela oroitu du udal ordezkariak. Informazio eta komunikazio teknologiak udalaren zerbitzuak hobetzearren aplikatzeko proiektuak ere garatzen dituela gaineratu du Martinezek.
Iaz zerbitzuak eskumen esparru guztietan “lan handia” egin zuela jakinarazi du ordezkariak: udal sistema informatikoak mantentzeko lan arruntak egin; zerbitzariak eta sarearen memoria hobetu; zibersegurtasuna hobetzeko neurriak hartu; udal kudeaketarako aplikazioak eguneratu eta berritu; egoitza elektronikoa berrantolatu eta berritu sarrera bateratzeko; eta online tramite berriak igo.