Hasiera gazi-gozoa kluben arteko ligaren lehen jardunaldian
BATeko neskak azken postuan sailkatu ziren Iruñean, eta, mutilak, aldiz, hirugarren izan ziren Gijonen erabaki polemiko baten ondorioz.
Atletismoko kluben arteko ligak hasi zituzten larunbatean Bidasoa Atletiko Taldeko nesken eta mutilen taldeek. Jokatuko dituzten hiru jardunaldietan lehena izan da honakoa, eta tituluaren eta maila mantentzearen lehian arituko dira talde parte hartzaileak.
Neskek Iruñean hasi zuten liga, eta ez zuten hasiera onena izan, topaketako azken postuan sailkatu baitziren. Bidasoarrek hainbat bajarekin bidaiatu zuten Nafarroara, eta neska gazte askorekin lehiatu ziren. Haietako batzuek ere debuta egin zuten.
Marka esanguratsuenak Goizane Garciak, Elena Martinek eta Blanca Garciak erdietsi zituzten, bigarren izan baitziren euren probetan. Goizane Garciak une gozoan dagoela erakutsi zuen, eta bigarren postuan sailkatu zen disko jaurtiketako proban, 40,14 metroko jaurtiketarekin, bere marka onena lortuz. Elena Martin ere bigarren izan zen 1.500 metroko proban 04:27,65 minutuko denborarekin. Azkenik, Blanca Garciak bigarren postuan bukatu zuen xabalinako proban 42,55 metroko jaurtiketarekin.
BATeko neskek ere bi hirugarren postu erdietsi zituzten Iruñean. Eunate Martinez hirugarren sailkatu zen altuera jauziko proban 1,66 metroko jauziarekin; eta Ana Gomez, Laia Olaskoaga, Martina Villar eta Leire Martiarena hirugarren izan ziren erreleboetako 4×100 metroko proban 48,43 segundoko denborarekin.
Puntuei dagokionez, honela geratu zen sailkapena lehen jardunaldian:
- Atletico San Sebastian: 199 puntu.
- Pamplona: 185,5 puntu.
- Scorpio: 157,5 puntu.
- Super Amara BAT: 104 puntu.
Klubak azaldu du nesken bigarren topaketa seguruenik Sorian izango dela.
Mutilak, hirugarren
Klubeko mutilek hasiera gazi-gozoa eman zioten ligari Gijonen; izan ere, nahiz eta hirugarren postuan sailkatu, azken unera arte bigarren postuan izan ziren birtualki, baina epaileen erabaki polemiko batek hirugarren postura eraman zituen.
Mutilak fin ibili ziren Asturiaseko topaketan etxeko kirolari askoren presentziarekin. Egoera on horren isla da sei lehen postu, bi bigarren eta lau hirugarren lortu zituztela.
Marka esanguratsuenei erreparatuz, Iker Arozena lehen postuan sailkatu zen luzera jauziko proban 7,43 segundoko denborarekin eta hirugarren 100 metrotan 10,72ko denborarekin. Joaquin Alonso 400 metrotako hesien proban nagusitu zen 54,52 segundoko denborarekin. Mario Estanga onena izan zen pertika jauzian 4,50 metroko markarekin. Juan Errandonea jauzi hirukoitzean gailendu zen 15,02 metroko jauziarekin. Asier Zarandona irabazle izan zen disko jaurtiketan 44,22 metroko jaurtiketarekin. Eta, azkenik, Ander Garaiar, Beñat Mikelarena, Tirso Ocaña eta Erik Fernandez erreleboetako proban nagusitu ziren, 41,99 segundoko denborarekin.
Bigarren postuei dagokionez, Beñat Mikelarena bigarren izan zen 400 metroko proban 48,65 segundoko denborarekin; Ander Anglada 800 metrotan 01:58,02 minutuko denborarekin; Aritz Leonet 1.500 metrotan 03:57,07 minutuko denborarekin; Adrian Eronimedes 3.000 metroko oztopoen proban 08:34,49 minutuko denborarekin; Aitor Fernandez pertikan 4,40 metroko jauziarekin; eta Gonzalo Tamayo pisu jaurtiketan 13,55 metroko jaurtiketarekin.
Iker Arozenaz gain, hirugarren postuan hauexek sailkatu ziren: Abdellah Tagrhafet 3.000 metrotan 08:34,49 minutuko denborarekin; Alex Cuesta jauzi hirukoitzean 13,68 metroko jauziarekin; eta Jose Leonidas 5.000 metroko ibilketako proban 24:18,84 minutuko denborarekin.
Honela geratu zen sailkapena lehen jardunaldian:
- Celta: 190,5 puntu.
- Oviedo: 172 puntu.
- Super Amara BAT: 171,5 puntu.
- Durango: 146 puntu.