Errugbiaren jaiak Irun hartu zuen larunbatean
Plaiaundin hasi eta hiriko erdialdean bukatu zen Txingudi Errugbi Taldeak antolatutako festa arrakastatsua. Euriak ezin izan zuen jaia geldiarazi.
Errugbiaren jaiak Irun hartu zuen larunbatean. Txingudi Errugbi Taldeak antolatutako ekitaldia arrakastatsua eta jai giroan ospatutakoa izan zela jakinarazi du klubak. Festaren hasiera Plaiaundin izan zen, eskolen arteko errugbilari gazteak protagonista izanik. Asturias, Kantabria, Errioxa, Nafarroa eta Gipuzkoatik etorritako hamalau klubetako haurrek, zazpi taldetan antolatuta, berrogei partida baino gehiago jokatu zituzten Plaiaundin.
Lehiaz gain, Txingudiko jokalariek dinamizatutako jolasgune bat ere antolatu zuten, gaita jotzaile batek goiza girotuz. Haurren neurketen ondoren, errugbian ohikoa den hirugarren denbora egin zuten jokalari eta epaileekin, eta ekitaldia bukatzeko, dominak eta oroigarriak banatu zizkieten talde guztiei.
Jai giroa, ondoren, Irungo erdigunera lekualdatu zen. Euria medio, eguraldi txarrak kalejirari eragin zion soilik, gainontzeko jarduerak iragarri bezala egin ziren. Gizonen talde nagusiko jokalariek Txingudi Errugbi tabernaren ondoan kamisetak saltzeko postua ireki zuten; eta emakumeen taldekoek, aldiz, San Juan plazan ezarritako errugbi zelai txikian haurrentzako jolasak dinamizatu zituzten.
Klubak baikor baloratu du errugbiaren jaia eta datorren urtean are hobeagoa izan dadin lan gogorra egingo dutela aurreratu dute. Errugbia bizirik da Bidasoa eskualdean.
Euskal Ligako finalak, Irunen
Euskal Errugbi Federazioak iragarri duenaren arabera, Irun izango da aurtengo Euskal Ligetako finalen egoitza, eta topaketen antolaketa Txingudi Errugbi Taldeari dagokio. Orotara, bost izango dira maiatzaren 20an Plaiaundin jokatuko diren finalak: 16 urtez azpikoa, 18 urtez azpikoa, barneratzailea, senior emakumeena eta senior gizonena.
Iaz partida guztiak zelai eta egun berean jokatzeko apustua egin zuen federazioak Elorrioko San Roke zelaian. Esperientzia hori positiboa izan zela baietsi du klub bidasoarrak, eta aurten apustu hori zabaltzeko ahalegina egin dela gaineratu dute, errugbiaren ‘Bultza’ ligaren finala egitarauan txertatuz.