AHTa gelditzeko konpromisoa berretsi dute
AHTaren kontrako borrokak hiru hamarkada bete dituenean, agerraldia egin dute Biriatuko plazan, Irundik abiatuta. Urteurreneko ekitaldiak aurkeztu dituzte.

Aurten bete dira 30 urte Abiadura Handiko Trenaren (AHT) kontrako mugimendua martxan jarri zenetik. Gaur ekitaldia egin dute Biriatun, Irundik oinez abiatu ondoren.
Udalerri horretan sinbolizatu nahi izan dute Hego zein Ipar Euskal Herrian AHTaren kontra egon diren mugimenduak. Ipar Euskal Herriko mugimenduak txalo zaparrada jaso du, abiadura handiko linearen proiektua gelditzea lortu duelako. “Garaipen handi” bezala definitu dute hori.
Dokumentu bana irakurri dituzte Hego Euskal Herriko eta Ipar Euskal Herriko mugimenduek.
30. urteurreneko ekitaldiak aurkeztu dituzte. Oarso Bidasoari dagokionez, Errenteria-Oreretan hitzaldia egingo dute datorren ostegunean, eta maiatzaren 6an bizikleta-martxa abiatuko da bertako zumarditik, Donostiara (10:30ean). Oiartzunen erakusketa jarriko dute, herriko plaza nagusian, azaroan.
Horrez gain, AHTa gelditzeko eskaerarekin bat egin duten eragileen zerrendaren berri eman dute. 80 dira, guztira, kolektiboak.
Gaurko ekitaldia Oreka TXeko txalapartariek eta Maialen Lujanbio, Sustrai Colina eta Aitor Mendiluze bertsolariek girotu dute.
“Biriatun gaur egin den ekitaldiarekin, Ipar eta Hego Euskal Herriko AHTren aurkako mugimenduak, hogeita hamar urteko borrokaren ondoren, Euskal Herriko historiaren proiektu suntsitzaile, xahutzaile eta anti sozialena behin betiko geldiarazteko konpromisoa berretsi du”, esan dute
.