LGTB eta Trans Legeari buruzko kafe-tertulia, datorren ostegunean
Oihana Puente Cortes abokatuak legeari buruzko "uste ustelak" gezurtatuko ditu Museo jatetxean egingo den datorren osteguneko saioan.
Berdintasun zerbitzuak LGTB eta Trans Legeari buruzkoak argitzeko kafe-tertulia antolatu du apirilaren 20rako (datorren osteguna) Oiasso museoaren eraikineko Museo taberna-jatetxean. Hitzordua 18:00etan izango da eta aniztasun sexualari eta LGTBIQ+ kolektiboaren eskubideei buruzko programazioaren parte da.
Espainian onartu berri dute LGTBI pertsonen eskubideen bermerako 4/2023 Legea eta datorren osteguneko saioa “kolektiboak haren bidez konkistatu dituen eskubideak jendarteratzeko gune bat sortzeko” baliatuko dutela zehaztu dute.
Oihana Puente Cortes abokatuak gidatuko du tertulia. Bera LGTBIQ+ eskubideetan aditua da, eta kolektiboak irabazitako eskubideez aritzeaz gain, “legeari buruzko uste ustelak desmitifikatuko ditu”.
Maiatzean eta ekainean gai hau jorratzen jarraituko dutela gogoratu du udalak. Hurrengo hitzordua maiatzaren 15ean izango da, haurrentzako antzerki batekin. Eguzkitza ikastetxean egingo dute, eta Familien Aniztasunaren Nazioarteko Eguna baliatu dute eguna aukeratzeko.
Bestetik, ekainaren 28a LGTBIQ+ Harrotasunaren Nazioarteko Eguna izaki Berdintasun arloak eguna ospatzeko antolakuntza lanetan dabilela aurreratu du. Iaz lehen aldiz egin zen Harrotasunaren Martxa egingo dute aurten ere, hiriko gizarte eragileekin batera.