Kluben arteko ligak hasiko ditu BATek bihar
Lehiatuko diren hiru topaketetatik lehena izango da asteburu honetakoa. Neskak Iruñean arituko dira, eta mutilak, berriz, Gijonen.
Bihar hasiko dira atletismoko kluben arteko ligak, eta asteburu honetakoa izango da lehiatuko diren hiru topaketetako lehena. Hiru jardunaldi horietan tituluaren eta maila mantentzearen lehian arituko dira talde parte hartzaileak.
Bidasoa Atletiko Taldeari dagokionez, neskak Iruñean izango dira bihar, eta mutilak, aldiz, Gijonen. Nesken taldeak baja esanguratsuekin ekingo dio ligari, eta klubaren esanetan beren helburua maila mantentzea izango da. Iruñeako topaketan Atletico San Sebastian, Pamplona eta Scorpio taldeekin neurtuko dituzte indarrak.
Mutilek, berriz, Gijonen hasiko dute liga Celta, Oviedo eta Durango taldeen aurka. Klubak adierazi du mutilak “denarekin” joango direla lehen jardunaldira, eta neskek ez bezala, talde guztiarekin bidaiatu dute Asturiasera.
Iruñeako eta Gijoneko topaketak bihar izango dira, 16:00etan hasita, eta emaitzak Espainiako Atletismo Federazioaren webgunean jarraitu ahal izango dira.