Iazko trafiko eta bide segurtasuneko datuak ezagutarazi dituzte
Udaltzainen unitate hori ibilgailuen zirkulazioa arautzeaz, bide publikoa kontrolatzeaz, ikastetxeetako sarrera eta irteeran jarduteaz, ekitaldien kontrola antolatzeaz edota kolektibo zaurgarriei bide segurtasuneko eskolak emateaz arduratzen da.
Irungo Udaltzaingoak 2022ko jarduera memoriari buruzko datuak ematen jarraitzen du, eta, oraingoan, Cristina Laborda ordezkariak trafiko eta bide segurtasuneko unitatearen lanaren berri eman du. Iazko datuen arabera, udaltzainek 4.210 trafiko isun jarri zituzten, 2021ean baino %32 gehiago. Isun gehienak gaizki aparkatzeagatik jarri ziren, eta udal ordezkariak zehaztu du beste ohiko arrazoi bat onartutakoa baino alkoholemia tasa handiagoarekin gidatzea izan zela.
Labordak ere udaltzainek patinete elektrikoekin lotuta egindako esku hartzeak nabarmendu ditu. Iaz 39 isun jarri ziren patinetean behar bezala ez ibiltzeagatik, 2021ean baino %62,5 gehiago. Bestalde, udal ordezkariak jakinarazi du isun gutxiago jarri zitzaizkiela txirrindulariei debekatutako eremuetan bizikletan ibiltzeagatik. 2021eko 20 isunak 17ra pasa ziren 2022an.
Udaltzaingoaren beste egiteko bat bide publikoa kontrolatzeko lanek osatzen dutela adierazi du Labordak. Iaz tankera horretako 950 jarduketa egin zirela esan du ordezkariak. Gehienak, 570, eremuak balizatzeko izan ziren, eta gainerako 380ak, ekitaldiengatik. Horiez gain, ikastetxeen sarrera eta irteeretako arautzeari eta trafikoaren kontrolari dagokionez, 309 jarduketa gauzatu zituzten hiriko udaltzainek.
Udaltzaingoaren unitate horretako agenteak ere beste eginbehar batzuez arduratzen direla baietsi du Labordak; hala nola, trafiko istripuetan laguntza emateaz eta zirkulazio atestatua egiteaz, Eusko Jaurlaritzaren trafiko sailak ezarritako kanpainak egiten laguntzeaz, edota zirkulazio beharrak kudeatzeaz. Azken ardura horren 2022ko egiteko garrantzitsuena Espainiako Itzuliaren bosgarren etaparen hasiera izan zela nabarmendu du udal ordezkariak, Irundik hasi baitzen.
Udaltzaingoak osatutako memorian ere hirian izandako istripuen datuak jaso dira. Erregistratutako istripuen kopuruak gora egin zuen iaz, 2021eko 180etatik 2022ko 219etara igo baitziren datuak. Istripuen arrazoi ohikoenak zirkulazio arauak urratzea eta gidariek arreta galtzea izan zirela eutsi du Labordak. Harrapatzeen kopuruek, aldiz, behera egin zuten iaz. 2021ean 19 harrapatze zenbatu ziren bitartean, iaz 16 erregistratu ziren.
Bide segurtasuna
Azkenik, Irunek bide segurtasunari buruzko zerbitzua duela gogorarazi du udal ordezkariak. Esparru horretan, gazteek bide segurtasunaren alorrean dituzten prestakuntza beharrei erantzuteko egiten dute lan udaltzainek. Iazko prestakuntza saioetan, Irungo 15 ikastetxeetako 3.442 ikaslek hartu zuten parte.
Haurren pare, bide segurtasuneko kolektibo zaurgarritzat ere adinekoak hartzen direla esan du Labordak. Egoera horren aurrean, bide segurtasuneko zerbitzuak adin tarte horretara bideratutako egitasmo batzuk ere antolatzen ditu; esaterako, iaz, Belaskoenea eta Behobiako zentroetan topaketa bana antolatu zen, kotxeek harrapatutako oinezkoen istripuen prebentzioa lantzeko.