Hirugarrenez elkartu da Mendeluko lan mahaia
Auzo elkarteak deitutako lan mahaiaren bileran, azterlana egingo duten enpresaren "azkartasuna eta hurbiltasuna" lehenetsi dute.
Mendeluko lan mahaia hirugarrenez elkartu zen atzo, Hondarribiko Udalak azaldu duenez. Deialdia Mendeluko Auzo Elkarteak egin zuen eta bertan izan ziren udalbatzan ordezkaritza duten alderdietako ordezkariak, EH Bildukoa izan ezik, eta auzo elkartekoak ere bertan izan ziren.
Atzoko bilkuraren helburu nagusia “Mugondo, Josu Langile eta Los Planetaseko eraikinen diagnosi-azterlanak kontratatzeko erabakiak hartzeko prozesuan aurrera egitea” izan zela adierazi du udalak.
Laguntzak erraztea dute asmo eta auzo-bulego bat martxan jartzea. Horretarako, azterlan bat egin behar dela diote, “eraikin bakoitzaren birgaitze-beharrak zehaztuko dituena” esan du Maria Serranok, Hiritarren Arretarako zinegotziak.
Azterlana egingo duen enpresa kontratatzerako momentuan “enpresen azkartasuna eta hurbiltasuna lehenestea” erabaki zuten. Diagnostikoaren emaitzak jakin ondoren, “Open Gela” deituriko lizitazioa prestatzen hasiko direla diote.
Bulegora bertaratzen denak aholkuak jaso ahalko ditu eta laguntzak izapidetzeko zerbitzua izango du bertan, “komunitateek birgaitze-obrei aurre egin ahal izan diezaieten”.
Azkenik, Serranok nabarmendu nahi izan du Mendelu birgaitzeko prozesuan “urratsak ematen jarraitzeko konpromisoak mantentzen” ari direla, “hartutako erabakiak dira horren froga”.