AHTaren aurkako agerraldia egingo dute bihar Biriatun
30 urte bete ditu mugimenduak, eta horren harira ekitaldi bat antolatu dute biharko. Behobiako zubian geratu dira, 10:00etan, oinez joateko Biriatura.
30 urte beteko ditu aurten Abiadura Handiko Trenaren (AHT) aurkako Euskal Herriko mugimenduak eta urteurrena kari agerraldi “jendetsua” egingo dute bihar, 11:00etan, Biriatuko herriko etxeko plazan (Lapurdi). Lehenagotik, 10:00etan, Behobia eta Pausu arteko zubian geratu dira denak batera oinez joateko.
Urte luze dituen mugimendua da AHTren kontrakoarena eta egun tinko segitzen du. Ildo horretan, borrokara atxikitzeko deia egin diete antolatzaileek eragile sozial eta sindikal guztiei: “Ipar eta Hegoaren oposizioa bat eginik, AHTren aurkako borrokari atxiki!”.
Borrokarekin konpromisoa berrestea da biharko ekitaldiaren asmo nagusietako bat, “Euskal Herriaren historiako proiektu suntsitzaile, xahutzaile eta anti sozialena behin betiko geldiaraztea lortu arte”.
Gainera, urtean zehar egingo dituzten beste jardueren berri emateko baliatuko dute ere biharko eguna. Era berean, urteurrenarekin bat egin duten taldeen zerrendaren berri emango dute.