VII. Irun 5K milia lasterketa apirilaren 23an egingo da
Zabaltza plazaren bueltan 5 kilometroko lasterketa egingo da, eta oro har goiz osoko egitaraua osatu dute. Izen ematea irekita dago eta bildutako dirua Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako elkarteari emango zaio.
Ficoban dagoen Iñigo Lavado jatetxean aurkeztu dute gaur Irun 5K milia lasterketa. Bertan izan dira Borja Olazabal Kirol ordezkaria; Adur Amillibia Bidasoa Atletismo Taldeko (BAT) ordezkaria; eta Gema Landatxe, Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako elkarteko ordezkaria. Salto Systemeko ordezkariak ezin izan du bertaratu.
Lasterketaren zazpigarren edizioa da gaur aurkeztu dutena. Aurreko edizioetan erabilitako Unidas por lo salto izena aldatu diote, eta Irun 5K milia izena da oraingoa. Egunari ikuspegi berri bat eman nahi diotela adierazi du Amillibiak izen aldaketaren arrazoi gisa. “Nolanahi ere, ekitaldiak oraindik bere hiru zutabeak izaten jarraitzen ditu: inklusibitatea, kirola eta solidaritatea”.
Urtero gisan Zabaltza plazan egingo dira jarduerak, hilaren 23an, 09:30etatik aurrera. Dagoeneko izena eman daiteke orrialde honetan eta dortsalak egunean bertan jaso ahalko dira, 08:30ean, bertan jarriko duten mahaian. Irabazle emakumeak eta gizonezkoak sarituko dituzte. Lehen postukoek 150 euro irabaziko dituzte; bigarrenek 100 euro; eta hirugarrenek 50 euro.
Edozein probatan izena ematen dutenek aukera izango dute 3 euroko donazioa egiteko Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako elkarteari.
Ildo horretan, Landatxek eskerrak eman dizkie antolatzaileei solidaritateagatik eta azpimarra jarri du ikusgarritasunean: “Ekitaldi hauek alderdi on asko dituzte guretzat. Alde batetik ekonomikoa dago, horri esker gure zerbitzuak manten ditzakegulako, denak doakoak dira”. Laguntza sozialak edota baliabideekin lotutakoak direla azaldu du. Bestetik, eskaintzen dituzten zerbitzuak ezagutarazteko plaza izaten direla adierazi du Landatxek. “Gu Irun eta Hondarribian aritzen gara lanean, eta uste dugu oraindik jende asko dagoela eskualde honetan ez dakiena Irunen gaudela (Foru kalea, 4). Beharra duen edonor bertara daiteke eta leiho bat da guretzat gure elkartearen espazioa”. Zerbitzua jasotzeko dei bat egitea eta hitzordu bat finkatzea nahikoa dela argitu nahi izan du. Telefono zenbakia honako hau da: 943 63 01 15
Egitaraua
- 09:30etan ttipi-ttapa.
- Beteranoentzako lasterketa da eta 5 kilometrotako zirkuituari bi buelta emango dizkiote. Gero, ibilbidetik atera eta aurrera segituko dute Irunen zehar. Bukaeran hamaiketakoa izango dute Zabaltza plazan.
- 10:00etan 5 kilometroko lasterketa homologatua, (12 euro aurretik, 16 euro egunean).
- Lehen txandan, 10:00etan, 20 minutu baino gehiagoan egingo dutenak aterako dira.
- Bigarren txandan, 10:35ean, 20 minutu baino gutxiagoan egingo dutenak.
- Dutxak, Artaleku kiroldegian jarriko dituzte.
- 11:00etan Milia egokitua.
- Desgaitasun fisikoa dutenei zuzendutako lasterketa izango da, esku bizikletan edota gurpildun aulkian egitekoa.
- 11:15ean Milia egokitua.
- Desgaitasun intelektuala dutenei zuzendutako lasterketa izango da. Ez dela lehiakorra izango zehaztu dute.
Atletismoa kalean egitasmoa
- 11:30ean abiadura erakusketa, BATen lana erakusteko.
- 60 metro egingo dute korri Kolon pasealekuan BATeko atletek. Gero edonork probatu ahalko du, aurretik izena emanda.
- 11:50 hesien erakusketa, BATen lana erakusteko.
- Klubeko atleta hesilariak arituko dira erakustaldian Ez da parte hartzailea izango, segurtasunagatik.
- 12:00etan altura jauziaren erakusketa.
- Klubeko atletek egingo dute erakustaldia eta jarraian herritarrek probatzeko aukera izango da, aurretik izena emanda.
- 12:30ean milia solidarioa.
- Urteroko lasterketa da eta parte hartzaileek emandako diru guztia Minbiziaren Aurkako Gipuzkoako elkarteari emango diote.