Aste Santuan, bisitari asko Hondarribian eta Irunen
Irun eta Hondarribiko hotel establezimenduek %96ko okupazioa gainditu dute eta turismo bulegoek 1.308 bisita jaso dituzte orotara.
Aste Santuko oporraldia pasata, turismo datuen balantzea egin du Bidasoa Bizirik-ek, eta datu horiek apartak dira, Irun eta Hondarribiko hotel establezimenduek %96ko okupazioa gainditu baitute. Establezimendu gehienek, gainera, gutxienez egun batez “beteta” kartela eskegi dutela jakinarazi du garapen agentziak. Bi herriak bisitatu dituzten pertsona gehienak estatutik etorriak izan dira.
“Jai egunetan bi hirietako kaleak eta terrazak turistaz gainezka egon dira. Honek eskualdea euskal kostaldea bisitatzen duten pertsonek gustukoen duten helmuga bezala finkatzen du”, adierazi du Miguel Angel Paez Bidasoa Bizirikeko presidenteak.
Maria Serrano garapen agentziako presidenteordea ere Paezen ildotik mintzatu da, eta onartu du Aste Santuko datuak onak izan direla: “Hoteletako arduradunak poz-pozik daude Aste Santuko datuekin, baita ostalariak ere. Izan ere, bisitari ugari izan ditugu, eta horrek ia egunero taberna, jatetxe eta terrazak beteta ikustera eraman gaitu”.
Turismo bulegoetako datuei erreparatuz, hilaren 6tik 10era Irun eta Hondarribiko turismo bulegoek 1.308 bisita jaso dituzte orotara, gehienak estatutik etorritakoak.