EH Bildu "pozik" da erabilera anitzeko pabiloia "aintzat" hartu delako
Koalizio abertzaleak azaldu du proiektu horrek hiriaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko aukera ematen duela, eta kirolaren eta kulturaren hauspotzea bultzatu dezakeela.
Jose Antonio Santano alkateak Irungo erabilera anitzeko pabiloiaren proiektua aurkeztu zuen atzo, eta iniziatiba horrek gainontzeko alderdi politikoen erreakzioak azaleratu ditu. EH Bilduk gogorarazi du 2022an proposatu zutela proiektu hori Irunek kirol azpiegituretan duen “eskaintza eskasiari erantzun bat emateko”. Koalizio abertzalearen esanetan, proposamen horren helburua zen “Irungo klubei zein herritarrei kirolaren praktikarako espazio estali gehiago eskaintzea”. Kirol arloari erantzuna emateaz gain, “kultura eskaintzaren gabeziari ere” aurre egin nahi zion EH Bilduk proiektuarekin, kontzertu eta bestelako ekitaldietarako “leku apropos bat eraikiz”.
Hasiera batean udal gobernuak koalizio abertzalearen proposamenaren “aurka” egin zuela jakinarazi dute, baina, orain, “pozik” dira egitasmoa “azkenean aintzat” hartu delako. EH Bilduk erabilera anitzeko pabiloiaren proiektua “hiriaren egungo eta etorkizuneko beharrei erantzuteko aukera leiho gisa irudikatzen du”, eta eskualde osoko “kirolaren eta kulturaren hauspotzea bultzatu” dezakeen egitasmoa izan daitekeela gaineratu dute.
Bestalde, espazio horrek “erronka ezberdinak” mahaigaineratzen dituela esan du koalizio abertzaleak. Mugikortasunari dagokionez, hiria inguratzen duten errepide eta trafikoaren gaineko hausnarketa egitea “ezinbestekoa” dela iritzi dute, eta garraio publikoaren indartzea “funtsezkoa” izateaz gain, “hiriaren kanpoaldean aparkalekuak egiteko beharra” azaleratu dute. Hori guztia onartu gabe dagoen PMUS-ean txertatzea “beharrezkoa” dela nabarmendu du EH Bilduk, eta orain arte landutako testuari “proiektu honen nondik norakoak gehitzea” eskatzen diote udal gobernuari.
Erabilera anitzeko pabiloiaren proiektua garatzearekin batera, “kirol azpiegituren erabileraren gaineko diseinu berri bat” egin beharko litzatekeela aldarrikatu du koalizioak, “zaharkituta dauden azpiegiturak konponduz, berriak sortuz eta kirol praktikarentzako gordeak dauden espazioak errespetatuz, hain justu, gaur gaurkoz kirol klub ezberdinek zein herritarrek eskatzen digutena”.
Pabiloiaren eraikitzea proposatzeaz gain, Kirolaren Plan Estrategikoa ere aldarrikatzen du EH Bilduk, eta estrategia hori diseinatzeko eskatu diote udal gobernuari: “Horrela bakarrik lortuko dugu egungo eta etorkizuneko beharrei epe luzerako ikuspegi batetik erantzutea eta gure hiriak merezi dituen azpiegiturak eraikitzea”.