Bidehuts jaia bueltan da, Psilocybe aretoan
Ekainaren 2an eta 3an egingo dute jaialdia eta sarrerak bihar jarriko dituzte salgai. Azken festa, duela 5 urte antolatu zuen diskoetxeak.
Bidehuts taldeak jaialdi bat egingo du, bost urteren ondoren, Psilocybe aretoan, ekainaren 2an eta 3an, (ostirala eta larunbata dira). Azken jaialdia Gernikako Astran egin zuten, 2018an, eta Psilocybenean, duela 13 urte elkartu ziren diskoetxeko parte diren musika taldeak.
Jaia “gure arteko elkartasuna lagun artean ospatzeko” baliatuko dute. Alta, “egiari zor, egoera ekonomikoa iraultzen hasteko ezinbesteko jaialdia” ere badela azaldu dute. “Dramarik gabe, baina errealitatea hori da”.
Bi egunetako jaia izango da eta sarrerak bihar jarriko dituzte salgai orrialde honetan. Egun bakoitzeko sarrerak 12 euro balio ditu eta egunean bertan erosiz gero, 15 eurokoa da prezioa. Larunbateko kontzertuak bukatzerakoan Lakaxita gaztetxean jarraituko du bestak.
Oholtzara igoko dira Gailu, Lisabo, Audience eta Joseba Irazoki eta lagunak. Honako hau da argitaratu duten egitaraua:
- Ekainak 2, ostirala.
- 22:00etan Gailu taldeak joko du. 2021eko ekainean kaleratu zuen Begiak, egiak ba ote? diskoa eta horren biraren baitako kontzertua izango da. Taldearen lehen aldia izango da Psilocyben.
- Bigarren kontzertua Lisaborena izango da. Abenduan iragarri zuen taldeak disko berri baten grabaketan dabiltzala eta disko berri horren aurkezpen kontzertuak zehazteke daude oraindik, eta beraz, “aurkezpen bira hasi baino lehenago zuzenean ikusteko aukera bakanetako bat izango da. Bakarra ez baldin bada”.
- Ekainak 3, larunbata.
- 20:00etan irekiko dituzte ateak eta zizka-mizkak jarriko dituzte, girotzeko musikarekin batera.
- 22:00etan kontzertuak hasiko dira. Oholtzara igotzen lehena Audience izango da eta 20 urteko ibilbidea ospatuko dute. “Denbora luze horretan ondutako errepertorio zabalean oinarritutako emanaldia izango da”.
- Azkenik, Joseba Irazoki eta Lagunen txanda izango da. “Diotenez, tornadoei izena jartzeko zerrendan hurrena JIEL agertzen omen da. Bada hori, “probatu ez duenak ez daki zer den hau””.
- 01:30ean, festa amaiera, Lakaxita Gaztetxean.