Bidasoa Irun, bolada onari jarraipena ematera
Europako postuen lehian iritsi dira irundarrak denboraldiaren une erabakigarrira. Lau garaipen jarraian daramatzate, eta bosgarrenaren bila irtengo dira bihar Santanderren Sinfinen aurka, 21:30ean.
Europako postuen lehian iritsi da Bidasoa Irun denboraldiaren une erabakigarrira. Sasoia bukatzeko sei partida geratzen direnean, irundarrak Asobal Ligako sailkapeneko laugarren postuan dira, 30 punturekin. Lehia estua da ohorezko postu horietan, eta Bidasoa bigarren eta hirugarren diren Cuenca eta Granollersetik soilik bi puntura dago, bi taldeak 32 punturekin baitira.
Bidasoarrak daramaten bolada onari jarraipena ematen ahaleginduko dira denboraldiaren azken txanpan. Jacobo Cuetararen mutilek Asobal Ligako azken lau partidak irabazi dituzte, eta bihar izango dute bosgarrena jarraian lortzeko aukera, Bidasoak Santanderren jokatuko baitu Blendio Sinfin taldearen aurka, 21:30ean.
Bidasoa momentu gozoan da, bigarren itzuliko bigarren talde onena izaten ari da eta Jacobo Cuetarak dinamika onarekin jarraitzeko beharra aldarrikatu du: “Garrantzitsuena taldearen errendimendu ona, sentsazio onak eta joko ona dira. Bigarren itzuliko bigarren talderik onena izaten ari gara, eta hori oso garrantzitsua da. Oso indartsuak eta oso lehiakorrak gara etxean, eta kanpoan dinamika onarekin gaude, emaitzak hobetzen. Etxetik kanpo proba egingo dugu berriro. Partida zailak etorriko dira, oso zailak, baina ondo prestatuta iritsiko gara, eta hori da garrantzitsuena”.
Irundarren prestatzaileak positiboki baloratu du denboraldiko une zailenetan taldeak izandako jarrera, eta bat eginda egoteak indartsuago egin dituela esan du: “Denboraldiak oso luzeak dira. Meriturik handiena da nola une txarretan taldeak batuta iraun zuen, egiten zenaz fidatuz, lehenago edo geroago hortik aterako ginelakoan. Agian maila psikologikoan hondoratu zen, baina, aldi berean, bat eginda egon zen eta etorkizunean aurrera aterako genuela espero zuen, zuzendaritzaren eta zaleen konfiantzarekin. Une txarretan, pabiloian giro handia zegoen eta taldea animatzen zen. Une txarrak gainditzeak gero onak iristea eragiten du. Orain une onean gaude eta oraindik borroka zail asko daude. Asobal Ligan jardunaldi bakoitzean erakusten da zein konplexua den txapelketa, edozein taldek irabaz diezaioke edozeini eta oraindik asko dago egiteko”.
Biharko aurkariari dagokionez, Sinfin Asobal Ligako hamalaugarren postuan da 17 punturekin, maila mantentzeko borroka bizian. Emaitzei erreparatuz une onenean ez badira ere, Cuetarak adierazi du bigarren itzuliko talde onenetakoa izaten ari direla, eta lehia zaila aurreikusten du: “Hasieratik mailari eusteko lehia horretan dago Blendio Sinfin, baina bigarren itzuliko talderik onenetakoa izaten ari da. Dinamika onean dago, azken txanpa ondo bukatzea garrantzitsua da eta eurak oso ondo lehiatzen ari dira bigarren itzuli honetan. Oso sendo daude, ondo entrenatutako taldea da, ideiak oso argi ditu, oso lehiakorra da etxean eta defentsa gogorra du. Hilzorian borrokatuko duen taldea da, izan ditzakeen baliabideei probetxu handia ateratzen die”.