Aldundiaren autobus zerbitzuaren murrizketak gelditzeko, sinadura bilketa
LAB sindikatuak salatu du Aldundiak Irun eta Hondarribiko kanpoaldeko auzoak garraio publikorik gabe utziko dituela 16:00etatik aurrera.
LAB sindikatuak salatu du Foru Aldundiak murrizketak egin dituela Irun eta Hondarribiko autobus publikoen zerbitzuan. Duela hilabete Aldundiak jakinarazi zuen linea berriak sortu zituztela, baina LABek dio “Bidasoko zerbitzua murriztu eta okertu” egin dutela berez. Murrizketa horiek ez gauzatzeko sinadura bilketa bat jarri dute martxan.
Hilabeteak dira LABek agerian utzi zuela 18:00etatik aurrera bi hirietako hainbat auzo zerbitzurik gabe geratu zirela; Txingudi ikastetxearen ingurua, Jaitzubia; Urdanibia, Puiana, Anaka eta Gibeleta, hain zuzen. Oraingoan 16:00etatik aurrera ez dela zerbitzurik egongo adierazi du sindikatuak.
Aldundiak Irun erdiguneko zerbitzua indartu duela soilik diote. “Beste behin, administrazio publikoak periferian bizi diren langileak baztertu ditu. Horrenbestez, zonalde horiek Donostiarekin duten zuzeneko loturarik ez dago”. Murrizketa horren ondorioz, Oiartzun, Errenteria-Orereta eta Pasaiako korridorean “gainkarga” eragiten dutela deitoratu dute.
Bestetik, Donostiako ospitalearekin lotura zuzena dituen 3 linea daude gaur-gaurkoz, baina Aldundiak horietako bat “moldatu” egingo dutela diote. “Nola? Bada, Donostiako Ospitalera joan beharrean, Garbera merkataritza-zentrora joango da Astigarragatik pasatuz”.
Herritarrentzat funtsezkoa den ospitalera doan linea “interes komertzial eta ekonomikoengatik” ordezkatu dutela salatu du LABek. “Hori da EAJ eta PSE-EEk darabilten politika publikoen kudeaketa; zerbitzu publikoak interes merkantilista eta ekonomikoen mesedetara jartzea”.