Zortzi film proiektatuko dira Mendi Tour festibalean
Hilaren 14an eta 15ean ospatuko da zinemaldiaren zortzigarren ekitaldia Itsas Etxea Auditoriumean, 19:00etatik 21:00etara. Sarrerak salgai daude hiru euroan.
BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia nazioarteko zinema jaialdiko filmen zirkuitu ibiltaria Hondarribian lurreratuko da berriz ere; izan ere, hilaren 14an eta 15ean, ostirala eta larunbata, Mendi Tour festibalaren zortzigarren ekitaldia ospatuko da Hondarribiko Itsas Etxea Auditoriumean.
Programazioa mendiko, abenturazko, muturreko kiroletako eta naturako pelikula “zoragarriek” osatzen dutela eutsi dute antolatzaileek. Proiekzio guztiak mendizaleentzat, zinemazaleentzat eta publiko ororentzat “gomendagarriak” direla gaineratu dute, eta saioetara bertaratzen direnek “mendiko zinemarik onenarekin gozatuko” dutela argi esan dute.
Orotara, BBK Mendi Film Bilbao-Bizkaia zinemaldiaren hamabosgarren edizioan saritutako zortzi film eskainiko dira Hondarribian. Saioak 19:00etan hasi eta 21:00etan bukatuko dira. Jatorrizko bertsioan proiektatuko dira, Mendi Filmek sartutako azpitituluekin lagunduta.
Sarrerak salgai daude jada, hiru euroko prezioan, eta Hondarribiko Arma Plazako leihatilan eta Kutxabank ticketing sarean eros daitezke.
Honakoa da Mendi Tour festibalaren programazioa:
Hilak 14, ostirala:
- El retorno. Konfinamenduko asterik gogorrenetan, Guadarrama mendilerroa, Espainiako parke natural bisitatuenetakoa, giza presentziarik gabe dokumentatuta. Pedro Nicolas geografo eta mendizaleak, etorkizun jasangarriari buruz hausnartuko du bertan. Iraupena: 32 minutu. Jatorrizko bertsioa: Gaztelania. Azpitituluak: Euskaraz.
- Joy. Joyleen Tugume Favour eta Abie seme-alaben zaintzan jarduteaz batera, Ugandako Mgahinga Parke Nazionalean bizi den mendiko gorila familia bakarraren babesean diharduen emakume ranger gaztea da. Nyakagezi gorila familia da, bederatzi kidez osatua. Iraupena: 22 minutu. Jatorrizko bertsioa: Ingelesa. Azpitituluak: Euskaraz eta gaztelaniaz.
- Creation theory. Surflari bat olatuan, snowboarder bat gailurrean eta musikari bat agertokian. Elementu horiek guztiek bat egiten dute Islandiako mendebaldeko fiordoetan, erantzun baten bila: zein da sorkuntzaren iturria? Iraupena: 22 minutu. Jatorrizko bertsioa: Ingelesa. Azpitituluak: Euskaraz eta gaztelaniaz.
- New way up. Gulmit Tower (Karakorum) granitozko pinakulu teknikoa da. Fabi Buhl-ek eta Will Sim-ek, mendiaren oinarrirako hurbilketa parapentean osatzea erabaki dute, arriskuz betetako glaziar eremua saihestuz. Himalaiako eskaladan norabide berri bat ezarri duen bidaia epikoa. Iraupena: 25 minutu. Jatorrizko bertsioa: Ingelesa. Azpitituluak: Euskaraz eta gaztelaniaz.
Hilak 15, larunbata:
- Iretargi. Otsoen ilargia, 2022ko otsaileko ilargi betea, Etxaurin. Dantza bertikalaren eta eskaladaren arteko fusioa. Ilargia orraztuz dantzan dabilen lamia, eta eszenarekin liluratuta dagoen kamera. Phelipe Eizagirrek, Yhabrilek eta Janire Etxabek gorpuztutako sekuentzia artistikoa. Iraupena: 3 minutu. Jatorrizko bertsioa: Hitzik gabea.
- Yhabril: El buscador de luz. Nola prestatzen du abentura-argazkilari batek haren hurrengo lanerako plangintza osoa? Kasu honetan, ultratrail lasterketa gogorrenetako bat Pirinioetan: Canfranc-Canfranc. Yhabril erreportajean ari da lanean: lo ordu gutxi, 50 kilometro 3 egunez, eta metatutako desnibel handia. Iraupena: 8 minutu. Jatorrizko bertsioa: Gaztelania. Azpitituluak: Euskaraz.
- Into the ice. Hego Amerikako muturrean dagoen ia esploratu gabeko mendikatea da Darwin. 2022ko udaberrian, zazpi lagunek nabigatu, eskalatu eta esploratu zuten, bertako glaziarrak klima-aldaketari nola erantzuten ari diren ikertuz, eta Roncagli eta Cerro Sara mendien lehen igoerak osatuz. Iraupena: 30 minutu. Jatorrizko bertsioa: Gaztelania eta ingelesa. Azpitituluak: Euskara eta gaztelania.
- Everest sea to summit. Mendiko zinemaren historian izan den filmarik sarituenetakoa. Tim Macartney-Snape alpinista australiarra Everest gailurrera oxigenorik gabe igo zen 1984an. Haren lagun Michael Dillon zinegilea, ordea, ez zuen balentria hark harritu. Hala esan zion: “Mendiaren garaiera itsas-mailatik neurtzen da, beraz behar bezala igo duzula esan ahal izateko handik abiatu beharko zenuke”. Macartney-Snape izan zen lortzen lehena, 1990ean. Iraupena: 59 minutu. Jatorrizko bertsioa: Ingelesa. Azpitituluak: Euskara eta gaztelania.