VII. Greziar Jardunaldiak antolatu ditu Oiasso Museoak
Hilaren 22an ospatuko dira, egun osora zabalduko den programazioarekin. Dantza tradizionalak, bazkaria eta kontzertu bat izango dira eguneko menua.
Oiasso Erromatar Museoak jakinarazi du VII. Greziar Jardunaldiak ospatuko direla hilaren 22an, larunbata, egun osora zabalduko den programazioarekin. Jarduerak 11:00etan hasiko dira museoan, Greziako dantza tradizionalen tailerrarekin, Eñaut Urrestarazuren eskutik. Ikastaro hori 14:00etan bukatuko da, eta ondoren, bazkaria egingo dute The Museum Food & Drinks jatetxean.
Jardunaldiek arratsaldean izango dute jarraipena, eta 17:00etatik 19:00etara Greziako dantza tradizionalen tailerra egingo da berriz Eñaut Urrestarazuren eskutik. Eguna bukatzeko, Greziako musika tradizionaleko kontzertu bat egingo dute 20:00etatik 21:00etara. Alexia Chrysomalli gitarrarekin kantuan arituko da, eta Oscar Anatolik klarinetea joko du.
Antolatzaileek jakinarazi dute dantza tradizionalen tailerrean eta bazkarian parte hartzeko aurretiko erreserba egin behar dela, 25 euroko prezioan. Kontzertua, aldiz, doakoa izango da, eta hilaren 22an bertan jaso ahal izango dira sarrerak 10:00etatik aurrera.
Informazio gehiagorako, Oiassok 943 63 93 53 telefonoa eta helbide elektronikoa ahalbidetu ditu.