Sanpedro eta sanmartzial jaiak antolatzen ari da jada Irungo Udala
Kartel lehiaketa martxan da, hiriko musika taldeak aurkez daitezke jotzeko, edota txosna jartzeko eskaera egin daiteke, besteak beste.
Sanpedro eta sanmartzial jaien antolaketa lanetan dabil Irungo Udaleko Kultura arloa. Ildo horretan, txosnak esleitzeko prozesua martxan da; hiriko taldeak oholtzara igotzeko eskaera orria ere argitaratu dute; bide publikoko salmenta postua jartzeko eskaria egin daiteke; eta jaietako kartel proposamena bidali daiteke ere. Informazio eta formulario guztiak lotura honetan topa daitezke.
Kontzertuak
Beste urteetan bezala hiriko taldeei oholtza eskainiko diete eta apirilaren 18ra bitarte aurkez dezakete talde interesdunek haien burua. Izena emateko udalaren orrialdean dagoen formularioa bete behar da. Behin beteta, helbide elektroniko honetara bidali behar dute dokumentua, eta azken urratsa herritarren bozketa izango da.
Taldeek baldintza batzuk bete behar dituzte aukeraketan parte hartzeko:
- Kideen % 50 Irunen jaiotakoa izan behar da edo Irunen erroldatuta egon behar dute edo egon behar izan dira.
- 60 minutuko errepertorioa ziurtatu behar dute.
- Talde bakoitzak 1.200,00 euro + BEZa kobratuko du.
Kartel lehiaketa
Atzo ireki zuten San Pedro eta San Martzial jaiak iragartzeko kartelaren lehiaketa eta hilaren 21a arte egongo da lanak aurkezteko aukera. Epaimahaia “kultura, diseinu, arte eta komunikazio munduko profesionalek” osatuko dutela adierazi du Kultura arloak eta haien ardura izango da lehen aukeraketa egitea.
40 kartel baino gehiago aurkezten badira, bostetik hamar obrara bitartean sartuko dira finalean. Aldiz, 40 kartel baino gutxiago aurkezten badira, bost izango dira finalera sailkatuko direnak. Azken erabakia herritarrena izango da, bozketa bidez.
Kartel irabazlearen egileak 1.200 euro irabaziko ditu eta 300 euroko accesit bat ere emango diote. Bestalde, kartelean nahi eta nahiez agertu beharko dira honako datu hauek: Irun; San Pedro-San Martzial 2023; eta Ekaina-Junio.
Obrak Amaia KZn aurkeztu behar dira, asteartetik larunbatera bitartean, 18:00etatik 21:00etara, eta igandetan 11:30etik 13:30era. Astelehenean itxita egongo da kultur zentroa.
Txosnak
Martxan dagoen beste prozesuetako bat txosnak esleitzekoa da. Entitate interesdunek Udalaren egoitza elektronikoaren bidez aurkez ditzakete eskaerak, www.irun.org/sac helbidean, apirilaren 21era bitartean. Aukeraketa, beste urteetan egin gisan, zozketa bidez egingo da.
Eskaera egiteko baldintzetako bat zozketa-ekitaldira ordezkari bat joatea da eta pertsona horrek harreman zuzena izango du koordinazio lanak egiteko udal teknikariekin arazoren bat egonez gero. Bestetik, elkarteak bi urteko ibilbidea izan behar du Irunen.
Ikastetxeen kasuan, eskaerarekin batera ikastetxeko zuzendariaren edota ikasketa-buruaren baimena beharko dute. Ikastetxe bakoitzeko eskaera bakarra onartuko dela azaldu du udalak.
Bide publikoko salmenta postuak
Maiatzaren 12ra arte dute salmentarako postuak jartzeko eskaria egiteko, globo ibiltariek baimena eskatzeko eta food truck delako jatetxea jartzeko eskaera egiteko. Eskaeran adierazi beharko dute salmentarako produktuen ezaugarriak zeintzuk diren eta eskatutako postu mota.
Udala arduratuko da etxolak jartzeaz eta gehienez ere 12 etxola jarriko dituzte, horietatik 9 bakunak eta 3 bikoitzak. Jatetxe ibiltarien kasuan, bi posturi emango diote esleipena.