Podemosek eta Hendaiako France Insoumisek errepublikak aldarrikatuko dituzte bihar Etorbidea zubian
Espainiako Errepublika aldarrikatuko dute eta Frantziako VI. Errepublikaren alde batzar konstituziogile bat osatzeko eskaera egingo dute.
Elkarrekin-Podemos alderdiak bat egingo du Nicolas Gerendiain elkarteak biharko deitu duen Espainiako Errepublikako banderaren igoerarekin.
“Estatu espainiarreko herritar asko gobernu sistema errepublikano baten alde daude, Franco diktadoreak berriro ezarri zuen monarkia ordezkatzeko” azaldu dute eta Franco diktadoreak Juan Carlos I.a izendatu zuela erregimenaren oinordeko ere gogoratu dute.
Bestetik, Errepublika aldarrikatzeko beste ekitaldi batean ere parte hartuko dute Hendaiako La France Insoumisekin batera Etorbidea zubian, bihar ere, 17:00etan, Hendaiako aldean. “Eskubide sozialak eta nazionalak bermatze aldera, Espainiako Estatuan eta Frantzian errepublika sozial eta demokratikoaren aldeko borroka bultzatu eta babestu nahi duten herritar guztiak gonbidatzen ditugu gurekin bat egitera”.
La France Insoumise-NUPES koalizioak hauteskundeak egiteko eskaera egiten dabil 2017. urtetik, batzar konstituziogile bat osatzeko, “V. Frantziako Errepublikako erakunde autoritarioetatik ateratzeko eta VI. Frantziako Errepublika aldarrikatzeko”. Bi taldeek harremanak “estutu” dituztela jakinarazi dute.
Alderdi morearen esanetan “benetako demokraziaren aldeko borroka egiten ari da Bidasoaren bi aldeetan”. Espainiako eta Frantziako gizarte borrokak aipatu dituzte borrokaren erakusle eta bi Estatuetako herritarrek erakunde demokratikoak aldatu behar direla “Europa solidario bat eraikitzeko” adierazi dute. “Herrien eta langileen Europa bat, betiere kapitalismotik urrun. Eskubide sozialak zaindu eta garatuko dituen Europa.