Pabiloiaren aurretik beste proiektu batzuk lehenestearen alde dago Elkarrekin-Podemos-IU
Pabiloia egiteko Irungo Udalaren aurrekontu erdia erabili beharko zela diote. Horrez gain, proiektu hau "tiradera batean ahaztuta" geratuko dela deitoratu du Nuñok.
Askotariko ekintzak egin ahal izateko pabiloi bat proposatu du gaur Jose Antonio Santano alkateak eta Elkarrekin-Podemos Ezker Anitzak salatu du Aldundiaren azterlanetan ez dela aintzat hartzen horrelako pabiloi baten kokalekua Irun izan daitekeenik. “Halaber, ez dago inolako akordiorik Eusko Jaurlaritzarekin inbertsio horretarako, ezta beste erakunde batzuekin ere”.
Alkatearen proposamena “positiboki” baloratu dute, baina azpimarra jarri nahi izan dute proposamen hori gauzatzeko Irungo Udalaren aurrekontu erdia erabili beharko litzatekeela. Hartara, beste proiektu batzuk lehenestearen alde agertu dira.
Euskadiko erakundeek Irunen inbertitzeko interesa edukitzekotan, “oinarrizko premia batzuk lehenetsi” beharko lituzketela diote: “Hegoaldeko ingurabidearen bigarren fasea dugu, hiriaren erdiguneko trafikoa arinduko lukeena, bai eta biztanle guztiei eragiten dien kaltea ere, festa egun hauetan ikusi dugun bezala, 10 km-rainoko ilarekin”.
Agintaldi honetan martxan jarri diren gainerako proiektuez ere mintzatu da koalizioa eta diote proiektu guztien aurrekontua batuz gero, “Irungo Udalaren aurrekontua ia hipotekatuta dagoela epe labur eta ertainean”.
Beraz, pabiloiaren proiektua bertan behera gera daitekeela diote, “beste proposamen batzuekin gertatu den bezala”. Bidean galdu diren beste proiektu bat ere nabarmendu nahi izan dute: Arbesgo egoitza. “Beti geratzen zaigu zigor sentsazioa EAJ eta PSE-EEk Aldundian eta Eusko Jaurlaritzan osatutako tandemaren aldetik, zer aldatu da orain, inbertitzeko interesa izan dezaten?”, galdetu du David Nuñok.
Proiektu hau “tiradera batean ahaztuta” geratuko dela deitoratu du Nuñok. “Irunek ezin dio aurre egin obra horri, eta ez dago inolako konpromisorik ez Aldundiaren aldetik ezta Eusko Jaurlaritzaren aldetik ere”.
Hauteskundeei begira egindako proposamena dela uste du Nuñok eta hori logikotzat jo du: “Bi hilabete baino gutxiago falta dira hauteskundeetarako, logikoa da hauteskunde-programari promesak gehitzea. Mila dorre eta gaztelu ez egitea besterik ez dugu eskatzen”.
Lehenetsi behar diren inbertsioak “pertsonen bizitza hobetzeko eta hiriak hazten jarraitzeko eta bertan bizitzeko erakargarri izateko” izan behar direla ere adierazi du Nuño alkategaiak.
Azkenik, salatu egin du azken hogei urtetan proiektu handiak “saldu” izana “hiria garatzeko modu gisa”. “Eredu honek jada ez du funtzionatzen; zerbait ikasi badugu: diru-inbertsio publiko handiak behar ditugula da, guztion ongizaterako erabiliko direnak”.