Irungo erabilera askoko pabiloiaren egitasmoa aurkeztu du Santanok
Kirol jardueretarako 5.200 eserlekukoa litzateke, eta aisia ekitaldietarako nahiz kontzertuetarako 10.000 pertsonako edukiera izango luke.
Jose Antonio Santano alkateak, Irungo Udalaren izenean, gaur aurkeztu du prentsaren aurrean Ficoban tokia izango lukeen erabilera askoko pabiloiaren egitasmoa. Bihar (osteguna) aurkeztuko die udalean ordezkaritza duten gainerako alderdi politikoei PSE-EEko kideak egitasmoa, bozeramaileen batzordean. “Irunentzat ilusionagarria’ izango litzatekeen egitasmoa dela defendatu du alkateak. Pabiloiaren irudi birtualak ere aurkeztu ditu alkateak.
Datuetan zentratuta, Santanok ez du azpiegituraren kostuaren berri eman. Bai, ordea, edukierari dagozkionak: kirol ekitaldietarako 5.200 eserlekuko gaitasuna izango luke; aisia esparruko ekitaldietarako, berriz, 10.000koa (jasotzen diren harmailak izango lituzke). Egitasmoa aurrera ateratzeko erakundeen arteko elkarlana beharrezkoa dela esan du Santanok, “beste gai batzuekin hala egiten da. Erakundeen arteko elkarlana da egitasmoa arrakastatsua izateko modu bakarra”. Azaldu du Gipuzkoako Foru Aldundiarekin, Eusko Jaurlaritzarekin eta Espainiako Gobernuko Kirol Kontseilu Nagusiarekin harremanak hasi dituela proiektua gauza dadin.
Alkateak, Bidasoa eskubaloi taldearen beharrak aipatu ditu batik bat pabiloia egiteko. Zerrendatu du iritsiko dela eguna Bidasoak ezin izango dituela Europako partidak Irunen jokatu, Artalekuk dituen mugengatik: “Bidasoa Europako txapeldun izan den euskal talde bakarra da, eta bertako eskubaloiaren erreferente da. Artaleku egokitzea zaila eta kostu handikoa da. Hori horrela, gure aukeren artean ez dago Bidasoak hiritik kanpo jokatzea”. Gainera, azpiegitura berriarekin Bidasoak bazkideen kopurua handitzeko aukera izango lukeela adierazi du udal agintariak, “eta horrela sozialki klub indartsuagoa izango litzateke”.
Kirol eremuaz gain, gunearen erabilera aisiarako ere izango litzatekeela baietsi du Santanok, adibidez, musika kontzertuetarako eta bestelako ekitaldietarako. Pabiloia egiteko Ficobaren eremua egokia dela berretsi du, “eta horrek ez luke eraginik izango Ficoba etorkizun batean handitzeko planetan. Azokaren osagarri izango litzateke pabiloia”.
Egitasmoa Ficoban kokatzeko onuren artean, hurbil topoko nahiz treneko geltokiak izatea aipatu ditu PSE-EEko kideak, eta gainera, egitasmoaren barruan lur azpiko aparkalekua egitea aurreikusi dela, 700 plazakoa. “Berri horiekin eta Ficoban egun daudenekin, autoak aparkatzeko plazen kopurua 1.000tik gorakoa litzateke”. Alkateak zehaztu du Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorrean (HAPO) jasota dagoela eremu horren zati batean kirol erabilerarako azpiegiturak egitea, “ordenazioarekin bat egin dezan plana aldatu beharko litzateke, kirol eremuari dagokion zatia handitu beharko litzateke”. Hala, egitasmoa aurrera atera dadin eman beharreko lehen urratsa HAPOa aldatzeko espedientea abiatzea dela adierazi du Santanok.