Igandean, Logroñora bidaia Real Unioni babesa emateko
Union Txuribeltz taldeak autobusak antolatu ditu Logroñora, eta egun osoko programazioa prestatu dute animatzen direnentzako.
Zazpi partida falta dira Gizonen Lehen Maila EEFF liga bukatzeko. Denboraldia bukatzear dela, jaitsiera postuetan iritsi da Real Union ligaren une erabakigarrira. Momentu honetan, txuribeltzak sailkapenaren 17. postuan dira, 34 punturekin. Egoera onena ez den arren, salbazioko postuak gertu dituzte irundarrek, Atletico Baleares, Intercity eta La Nucia taldeak 37 punturekin baitira, Real Unionek baino hiru puntu gehiago dituzte soilik.
Igande honetan berebiziko partida jokatuko dute txuribeltzek Logroñon arerio zuzena den Logroñesen aurka, 16:00etan, Las Gaunas zelaian. Errioxarrak sailkapeneko 18. postuan dira 28 punturekin, eta beharrezkoa dute irabaztea maila mantendu nahi badute. Hiru puntu baino gehiago egongo dira jokoan igandean, irabaztea funtsezkoa baita bi taldeentzat bolada txarra atzean utzi eta salbazioko postuetara gerturatzeko.
Zaleek erakutsi dute ez dutela Real Union bakarrik utziko, eta taldeari babesa emateko, Union Txuribeltz taldeak autobusak antolatu ditu iganderako. Animatzen direnek egun osoko jarduerez gozatu ahal izango dute.
Autobusak 09:30ean irtengo dira Stadium Galetik, eta Guardia bisitatu ondoren, La Puebla de Labarcan bazkalduko dute. Bazkariak 30 euroko prezioa izango duela adierazi dute antolatzaileek. Haurren menuak, aldiz, 12 euroko kostua izango du. Bazkaldu ondoren, Logroñora abiatuko dira, Las Gaunaseko harmailak bete eta taldeari sostengua emateko. Itzulerako autobusa partida bukatu ondoren aterako da.
Informazio gehiago Union Txuribeltz taldearen egoitza den Eguzki tabernan aurkituko dute interesdunek.