Gure Eskuk argitaratu du Nazioarteko Konferentziako hizlariak nor izango diren
Irlanda, Eskozia, Katalunia, Galizia eta Euskal Herriko zenbait hizlari izango dira bertan, hala nola, Iñaki Soto, Maria Obelleiro edota Patricia Mac Bride.
Gure Eskuk Itsasargia: Nazioarteko Konferentzia egingo du Ficoban apirilaren 22an. Duela hamar urte sortu zen taldea eta bidea Ficoban hasi zuen hain zuzen ere.
Bi hitzaldi eta adierazpen politiko bat egitea da Gure Eskuren asmoa. Gainera, eguna bukatzerakoan, proposamen politikoa plazaratuko dute eta hori taldearen hurrengo urteetako bide orria izango da.
Lehen hitzaldia Lurralde gatazken konponbidea Europako eremuan izenburupean aurkeztu dute eta 10:00etan hasiko da. Moderatzaile lanetan ariko da Jon Olano eta eztabaidan parte hartuko dute Iñaki Soto, Gara egunkariko zuzendariak; Ferran Casas, Nacio Digital hedabideko zuzendari ordeak; Maria Obelleiro, Nos Diarioko zuzendaria; eta Richard Walker, The National hedabideko sortzaileetako bat.
Jarraian, adierazpen politikoa irakurtzeko txanda izango da eta ez dute aurreratu nork irakurriko duen.
Azkenik, 12:30ean, Herritarron aktibazioa olatu soberanista berrian eztabaidari ekingo diote. Kasu honetan, moderatzailea Zelai Nikolas izango da eta mahaiaren bueltan eseriko direnak honako hauek izango dira: Patricia Mac Bride (Ireland’s future), Elena Jimenez (Omnium Cultural), Maggie Lennon (Women for Independence) eta Josu Etxaburu (Gure Esku).