Bizikletentzako aparkaleku gehiago jarri dituzte Hondarribian
Bizikletentzako zortzi gune berri daude hirian zehar, hala nola, Donostia kalean, Hondartza kiroldegian edota Benta inguruan.
Juan Luis Silanes Ingurumen zinegotziak jakinarazi du bizikletak aparkatzeko beste hainbat gune jarri dituela Hondarribiko Udalak. Guztira zortzi aparkaleku berri dira instalatutakoak.
Aurretik beste hainbeste jarri zituzten, esaterako, Talaia instituturako bidean, Jostaldi pilotaleku inguruan, Euskaltegian edota Mendelun. “Orain beste zenbait gune indartu ditugu, oso erabiliak izango direla uste baitugu” azaldu du Silanesek.
Aparkaleku berrien kokalekuak honako hauek dira: Donostia kalea, Damarri plaza, Hondartza kiroldegia, Harresilanda kalea, Molla ibilbidea, Bentako eremua, Kandido Saseta plaza eta Parrokiaren atzealdea.
Hondarribia Mugitzen planari esker egin dituzte instalakuntza hauek eta zinegotziak oroitu du “planaren helburu nagusietako bat herritarrek ibilgailu pribatua gutxiago eta bizikleta gehiago erabiltzea” dela.