Asteburu honetako agenda zein den gogorarazi du Amaia KZk
Larunbatean, Alba Recheren kontzertuaz gozatzeko aukera izango da. Igandean, La consagracion de la primavera pelikula ikusi ahalko da, Telmo Irureta aktorearekin batera.
Martxoan iragarri zituen Irungo Udalak urte honetako Amaia KZko hainbat kultur ekitaldi eta programazio hori asteburu honetan hasiko da. Hurrengo hitzordua maiatzaren 27an izango da, Saldremos mejores ikuskizunarekin.
Asteburu honetara itzulita, larunbat honetan, hilak 15, 19:00etan, Alba Reche musikariaren txanda izango da. Rechek hiru lan ditu kaleratuta dagoeneko: Quimera diskoa (2019), La pequeña semilla diskoa (2021) eta Honestamente triste EP (2022).
Igandean, La consagracion de la primavera pelikula eskainiko dute Amaia KZko pantaila handian. Protagonistetako bat den Telmo Irureta aktorea bertan izango da, 19:00etatik aurrera hasiko den emanaldian, eta hitzaldi bat eskainiko du.
Ikuskizun horietarako eta gainontzekoetarako sarrerak Amaia KZ kulturgunearen webgunean eskuratu daitezke; txarteldegian bertan, ikuskizuna hasi baino ordubete lehenagotik, tokirik badago betiere; eta Luis Marianoko turismo bulegoan.