Marlaxka txukun, Donostia Hiria Nazioarteko Openaren 43. edizioan
Patxi Moreno 25. sailkatu zen 5,5 punturekin, Marlaxkaren ordezkarietatik puntu gehien lortu zituena izan da. Bestalde, aste honetan Euskadiko Gazteen, Kadeteen eta Promesen Txapelketan izango dira hondarribiarrak.
Marlaxka Xake klubeko bederatzi kide izan dira Donostian egin den Donostia Hiria Nazioarteko Openaren 43. edizioan. Apirilaren 1etik 8ra bitarte izan da, Gipuzkoako hiriburuko udaletxeko osoko bilkurako aretoan.
Guztira mundu osoko 135 xake jokalari aritu ziren lehian, bederatzi txandatan. Lukas Iruretagoiena izan zen arbitro nagusia eta Cesar Montoliok gidatu zuen txapelketa.
Irabazlea Lituaniako Titas Stremavicius jokalaria izan da, 7,5 puntu bereganatuta. Hondarribiko xake klubetik Patxi Morenok lortu zituen puntu gehien, 5,5 puntu, hain zuzen, eta hartara, 25. postuan kokatu zen. Gainera, gipuzkoar onenaren 3. saria irabazi zuen.
Yaniela Forgas Moreno kubatarra izan da sailkapenean goren geratu den emakumea. Aipatu beharra dago hamabosgarren postura arte ez dela emakumerik sailkatu.
Txapelketan “ona” egin dutela baloratu du Marlaxkak. Taldeko kideen emaitzak lotura honetan kontsulta daitezke.
Bestalde, apirilaren 13tik 16ra bitarte Euskadiko Gazteen, Kadeteen eta Promesen txapelketa egingo da Bizkaiko Morga herrian. Marlaxka hantxe izango da hiru ordezkaritzarekin: Jurgi Diaz, gazteetan; Aritz Tornay, kadeteetan; eta Jon Diaz, Iker Tafall eta Gorka Tafall, promesetan.