Atletico San Sebastian, Txingudiren arerioa igoerako play-offean
Liga bigarren postuan bukatu ondoren, play-offari ekingo diote bidasoarrek. Partidak hilaren 22an eta maiatzaren 6an jokatuko dira.
Txingudi Errugbi Taldeko gizonen talde nagusia Euskadiko Ohorezko Mailarako igoerako play-offa jokatzeko sailkatu da liga bigarren postuan bukatu ondoren, eta ezagutu du jada kanporaketa horretako arerioa: Atletico San Sebastian. Joaneko partida hilaren 22an jokatuko dute Plaiaundin, 17:00etan. Itzuliko neurketa, aldiz, Hernaniko Landare zelaian lehiatuko da maiatzaren 6an. Bi norgehiagoken artean, hau da, hilaren 29an, bidasaorrek lagunarteko partida bat jokatuko dute INEF Lleida taldearen aurka.
Iñigo Camarero Txingudiko prestatzaileak onartu du kanporaketa “oso zaila” izango dela, eta gaineratu du “presioa ondo kudeatzea ezinbestekoa” izango dela: “Denboraldi honetan argi ikusi dugu zer gertatzen zaigun kontzentrazioa galtzen dugunean eta Atleticok ez digu horrelako akatsik barkatuko”.
Klubak aitortu du donostiarrak ez direla “aurkari xamurra”, euren ligako bigarren faseko zortzi partidetan hiru garaipen eta bi berdinketa lortu dituztelako. Bi taldeen arteko azken neurketa denboraldi aurrean izan zen. Lehia hartan berdintasuna izan zen nagusi berdegunean, eta partida hutsean bukatu zen.
Irungo Errugbi Eguna, larunbatean
Txingudik Irungo Errugbi Eguna antolatu du hilaren 15erako, larunbata, egun osoko egitarauarekin. Kluba azken ukituak ematen ari da Plaiaundin eta hiriko erdigunean errugbiaren jaialdia “ahalik eta hoberen” antolatu ahal izateko. Klubak jakinarazi duenez, 400 pertsona inguru elkartuko dira Plaiaundin ‘Txingudi Badia’ eskolen nazioarteko topaketan.
16 urtez azpikoen partida, atzeratua
16 urtez azpikoen taldeak larunbat honetan Uribealdearen aurka jokatu behar zuen partida atzeratu dela adierazi du Txingudik. Errugbilari gazteen neurketa hilaren 22an lehiatuko da.