Irungo ertzainen kopurua zergatik murriztu den galdetuko dio udalak Segurtasun Sailari
Kendutako agente horien itzulera eskatuko du udalak. Bestetik, Udaltzaingoan 12 agente berri gehiago sartuko direla jakinarazi du Cristina Laborda ordezkariak.
Martxoaren 28an Ertzaintza eta Irun eta Hondarribiko udaletako Udaltzaingoak Koordinatzeko Batzordea egin zuten, eta delitu-gertaeren polizia-azterketa eta balantzea egiteaz gain, ertzainen kopurua murriztu egin zutela baieztatu zioten Irungo Udalari. “Ez dugu ulertzen zer gertatzen ari den”, adierazi du Cristina Laborda Udaltzaingoaren ordezkariak. Hartara, gutun bat bidaliko diote Segurtasun Sailari “ertzainen kopurua murriztu delako kezka azaltzeko, eta agente horiek berriro Irungo polizia-etxean sar daitezen eskatzeko”.
2021. urte bukaeran agente berriak sartu zirela gogorarazi du Labordak, “berri ona” izan zela dio. Baina, urtebete igarota “jada ez direla beharrezkoak” jakinarazi zietela deitoratu du. Agente horien itzulera eskatzeko arrazoia “hiriko segurtasun eta bizikidetzaren alorrean aurrera egiteko elkarrekin ematen ari garen urratsetako bat” direla ertzainak izan da.
EAJren jarrerari ere erreparatu diote, “bere udal taldeak segurtasunean arreta handiagoa eskatzen duen bitartean, alderdi berak aurkakoa egiten du Jaurlaritzako Sailean: pertsonala murriztu Irunen”. Jeltzaleei galdegin diete “koherenteagoa eta arduratsuagoa” izan daitezen.
Udaltzaingoan 12 laguntzaile gehiago
Udal ordezkariak azaldu du ez dutela geldirik egon nahi eta “urrats gehiago” egingo dituztela. Hala, Udaltzaingoan 12 laguntzaile sartuko direla jakinarazi dute, “kalean presentzia gehitzeko”. Printzipioz apirilaren erdialdean hasiko dira lanean Euskal Poliziaren Akademiatik (Arkaute) etorritako agenteak eta 2024aren hasiera arte izango dira.
Laguntzaile hauek kontratatzea “gure eskumenen arabera, herritarrekin dugun konpromisoa betetzea” dela baieztatu du Labordak. Atzo iragarri zituen 12 udaltzainez gain, “beste agente berri batzuk ere iristekotan dira udal gisa hartzen ari garen ekintzen barruan”.