Lau bisita gidatu Aurora Bengoetxearen erakusketa ikusteko
'Aurora Bengoetxea berrikusten' pintura erakusketa maiatzaren 28ra arte egongo da zabalik Menchu Galen. Lehen bisita bihar izango da, 18:30ean.
Iragan ostegunean Irungo Udaleko Kultura arloak ‘Aurora Bengoetxea berrikusten’ pintura erakusketa inauguratu zuen Menchu Gal aretoan, maiatzaren 28ra arte ikusgai egongo dena.
Erakusketak Aurora Bengoetxea artistaren 30 obra biltzen ditu. Margolanak, litografiak, collageak edota egunerokoak aurki daitezke, baita San Telmo museoak berriki eskuratutako bi koadro ere. Osagarri moduan, bada ikus entzunezko pieza bat ere.
Erakusketa zabalik dagoen denboran, lau bisita gidatu antolatu dituzte Maria Jose Aranzasti komisarioaren gidaritzapean, lehena bihar bertan. Bisita guztiak 18:30ean hasiko dira, doakoak dira eta ez da beharrezkoa aurrez izena ematea. Bisitak gaztelaniaz izango dira, baina frantsesez ere egin ahalko dira, betiere aurrez eskatzen bada. Hona hemen datak:
- Martxoak 31.
- Apirilak 8.
- Apirilak 28.
- Maiatzak 13.
Bisita gidatuez gain, erakusketa ohiko ordutegian ikusi ahal izango da: ostiral eta larunbatetan 18:00etatik 21:00etara eta igande eta jaiegunetan 11:30etik 13:30era. Aste Santuan, gainera, ohiko ordutegitik kanpo ere bisitatu ahal izango da erakusketa:
- Apirilak 7: 11:30etik 13:30era.
- Apirilak 8: 18:00etatik 21:00etara.
- Apirilak 9: 11:30etik 13:30era.
- Pazko astea, apirilaren 11tik 13ra: 18:00etatik 21:00etara.
- Apirilaren 14tik aurrera, beti bezala.