Irungo Udalak arreta zerbitzua sendotu du
Zerbitzuaren bidez, herritarrei, enpresei, elkarteei eta hiriko gainerako erakundeei gune "lagundu" bat eskainiko zaie, "Administrazio Publikoarekin eta, zehazki, Irungo Udalarekin izapidetze elektronikoa errazteko".
Monica Martinez Irungo Udaleko Informazioaren Gizarteko eta Herritarren Parte Hartzeko ordezkariak Herritarrentzako Arreta Zerbitzuak (HAZ) ireki duen zerbitzu berria aurkeztu du. Zerbitzu “sendotu” horren bidez, herritarrei, enpresei, elkarteei eta hiriko gainerako erakundeei gune “lagundu” bat eskainiko zaiela zehaztu du udal ordezkariak, “Administrazio Publikoarekin eta, zehazki, Irungo Udalarekin izapidetze elektronikoa errazteko”.
Doako eta erabilera libreko zerbitzua izango dela aurreratu dute, HAZeko langileek eskainia. Hala nahi duten pertsona, enpresa, elkarte eta gainerako erakundeei lagundu egingo diete Irungo Udalari egoitza elektronikoaren bidez zuzendutako izapide elektronikoak egiten. Gainerako administrazio publikoei zuzendutako beste izapide elektroniko batzuk egiteko aukera ere eskainiko zaiela jakinarazi du Martinezek, laguntzarik gabe.
Zerbitzu berriaren bidez HAZek Administrazio Prozedura Erkideari buruzko 39/2015 Legearen ondoriozko egoerari erantzun nahi diola esan du udal ordezkariak; izan ere, lege horren arabera, kolektibo jakin batzuk behartuta daude administrazio publikoekiko harremanak bide elektronikoz egitera. Legeak zehazten du enpresek, sozietateek, elkarteek klubek eta abarrek, eta baita nortasun juridikorik ez duten beste pertsona batzuk ere, derrigorrezko elkargoko lanbideez eta Administrazio Publikoetako enplegatuez gain, nahitaez erabili behar dituztela baliabide elektronikoak administrazio publikoarekin harremanak izateko.
Zerbitzu berria adinekoentzako edo mugitzeko zailtasunak dituztenentzako irisgarritasun irizpideak bermatuz konfiguratu dela adierazi du udalak, eta interneten sartzeko bi postu dituela gaineratu dute: USB irakurgailuarekin eta paperezko dokumentuak eskaneatuta.
Zerbitzua modu autonomoan erabiltzeko oinarrizko ezagutza informatikoak behar direla nabarmendu dute, eta Irun Txartela edo beste ziurtagiri elektroniko aitortu bat eduki behar da. Zerbitzua doakoa eta sarbide librekoa da; hala ere, “erosoago izateko”, hitzordua eskatzeko aukera ere eskaintzen dela azaldu du udal ordezkariak.
Egoitza elektronikoa
2004ean abiatu zuen Irungo Udalak egoitza elektronikoa, eta ordutik “hazkunde progresiboa eta geldiezina” izan duela aitortu du udalak. 2014an Irun Txartela atera zenetik eta 2021ean COVID-19aren pandemiaren eta derrigorrezkoa konfinamenduaren eraginez, kopuru errekorra izan zuela jakinarazi du udalak, 30.400 eskaera baino gehiagorekin. Iazko eskaerak 2021ekoekin alderatuz jaitsi zirela esan dute, baina 2021a baino lehenagoko kopurua gainditu duela aurreratu dute. 2022an 28.000 eskaera baino gehiago egin ziren egoitza elektronikoaren bidez.