Osasun Bidasoak Oinaurreko osasun zentroa "lehenbailehen" eraiki behar dela berretsi du
Azken egunetan zabaldu diren hainbat informazioaren aurrean, orain arteko jarrera berretsi du plataformak.
Azken egunetan Irungo anbulatorioen gainean hainbat hedabidetan nahiz erakundetan zabaldu diren informazioen harira, Osasun Bidasoak bere jarrera berretsi du ohar bidez. Erdialdeko eta Dunboako masifikazioa ekiditeko Oinaurreko hirugarren anbulatorioa lehenbailehen egin behar dela berretsi dute plataformako kideek: “Onra honetarako, Osakidetzak duela 20 urte baino gehiago aurreikusi zuena, 2015etik aurrera badago urbanizatutako orube bat prestatua, eta beraz, lanak amaitzeko hiru urte beharko lirateke”.
Oinaurreko zentro berria egin bitartean, Erdialdeko nahiz Dunboako kontsulta “espazio arazo larriak” konpontzeko behin-behineko espazioak egokitzea proposatu dute Osasun Bidasoakoek, bertan 4-6na mediku, familia erizain eta administrari kokatuz, eta Katea eta Oinaurre auzokoei bereziki arreta emango liekete. Profesional horiek gerora Oinaurrera joango lirateke. Behin Oinaurreko azpiegitura eginda, Erdialdeko anbulatorioaren berrantolamenduari ekiteko aukera legoke, plataformaren arabera.
“herritarrek eta profesionalek ezin dugu gehiago itxaron. Berehalako ekintza zehatzak behar dira konpondu gabeko arazo zahar bati irtenbidea emateko”, azaldu dute plataformako kideek.
Osasun Bidasoaren agiri oso-osoa kontsultatzeko, klik egin hemen (PDF artxiboa da).