Igoerako play-offetarako sailkapena bilatuko du Txingudik
Txingudiko gizonen lehen taldeak partida erabakigarria du igoeraren lehian. Puntu bakarra lortu behar dute play-offetako sailkapena ziurtatzeko. Neskek, gainera, hirugarren lagunartekoa jokatuko dute Plaiaundin.
Partida erabakigarria du Zaisa Txingudiko gizonen lehen taldeak larunbatean. Bilbon jokatuko dute Nerbioi taldearen aurka, Errekaldeko zelaian, 15:30ean. Euskal Ligako Ohorezko Mailarako igoera lortzeko aukerekin da Txingudi. Bidasoarrek puntu bakarra behar dute ligako bigarren postua matematikoki lortu eta igoerako play-offetara sailkatzeko.
Dena den, liga bukatuta, Euskadiko Errugbi Federazioaren berrien zain geldituko dira bidasoarrak, ligen arteko mugimenduak goiko txapelketetan egongo diren igoera eta jaitsieren baitan egongo baitira. Hala eta guztiz ere, bigarren sailkatuak play-offa jokatuko duela ziurtatuta dago, eta hori da, hain zuzen, Txingudik lortu nahi duena: play-offetara sailkatzea.
Emakumeak bueltan
Txingudiko emakumeen taldeak bere hirugarren lagunarteko partida jokatuko du larunbatean Plaiaundin, 15:00etan, Sarako Izarraren aurka. Honakoa izango da klubeko nesken etxeko lehen neurketa. Maider Aizpurua eta Asun Gamindez prestatzaileek hemezortzi jokalari dituzte zelairatzeko prest. Nesken helburua da ikasten jarraitzea, taldea sendotzea eta liga jokatuko duen talde bat osatzen saiatzea.
Bidasoarrek Sara Izarraren aurka jokatuko dute. Euskal Ligako Ohorezko B mailan lehiatzen ari dira, eta lan ona egin dute. Sei partida irabazi eta soilik bi galdu dituzte aurten. Ligako bigarren postuan sailkatu dira Getxo B-ren atzetik.
Gazteak, Plaiaunditik urrun
Senior taldeez gain, harrobiko jokalari gazteak ere lehian arituko dira asteburuan, denak etxetik kanpo. Zelairatuko diren lehenak 14 urtez azpikoak izango dira. Eibarren jokatuko dute, etxeko taldeak, Arrasatek eta Mutrikuk osatzen duten taldearen kontra, 10:00etan. Txingudiko neska-mutilak lan ona egiten ari dira Gipuzkoako Ligan, eta bide horretan jarraitu nahi dute.
16 urtez azpikoek Elorrion jokatuko dute, 11:30ean. Lehia bizia izango dute bizkaitarren aurka, sailkapenean lau puntuko aldea baitute soilik bi taldeen artean. Joaneko norgehiagokak joan-etorri asko izan zituen, baina garaipena Irunen geratu zen. Oraingoan, aukerak zabalik daude.
18 urtez azpikoak, aldiz, Arrasaten arituko dira Danon Artean taldearen aurka, 11:30ean, ligako azken jardunaldian. Arrasatearrek Txingudikoek baino bi puntu gehiago dituzte sailkapenean, eta aukera paregabea dute partida irabazi eta denboraldia garaipenarekin bukatzeko.
Gipuzkoako selekzioa
Helene Tristan eta Maider Diez jokalari gazteak Gipuzkoako 15 urtez azpiko selekzioarekin izan ziren iragan asteburuan. Txingudiko jokalariak Senperen izan ziren, Laguntasunaren XI. Txapelketa jokatzen. B multzoan lehiatu ziren, Pirinio Atlantikoetako, Landetako, Girondako, Lot et Garonako, Itsas Charenteko eta Nafarroako taldeen aurka.
Eki Fanlo Munduko serieetan
Eki Fanlo errugbi epaile irundarrak Munduko Errugbi Batasuneko deian jaso du berriro ere datorren asteburuan Hong Kongen lehiatuko den Munduko Zazpiko Serieetako Txapelketan arbitratzeko. Ohikoa bihurtzen ari da Fanlo goi mailako txapelketa horietan arbitratzen ikustea, eta Txingudik onena opa dio bere ibilbidean.