Bukatu da Bidasoa Irunen Europako ibilbidea
Uneoro kanporaketan sartuta egon baziren ere, irundarrek sei goleko aldearengatik galdu zuten Lisboako Sportingen aurka (34-28), eta agur esan diote Europa Ligari.
Bukatu da Bidasoa Irunen Europa Ligako ibilbidea. Irundarrak txapelketako final zortzirenetako itzuliko partidara hiru goleko errentarekin iritsi baziren ere (30-27 Artalekun), ezin izan zuten bart sailkapena lortu, sei golengatik galdu baitzuten Portugalen Lisboako Sportingen aurka (34-28). Bukatu da, hortaz, Europan amesten jarraitzeko aukera, bidasoarrak ez dira final laurdenetan izango.
Lehen zatian portugaldarrak izan ziren nagusi, eta bost goleko errenta izan bazuten ere (10-5), bidasoarren erreakzio batek markagailua estutu eta kanporaketa berdinduarekin iritsi ziren atsedenaldira (15-12). Bizirik zen Bidasoa.
Kanporaketa irekita zegoela jakinda kantxaratu ziren irundarrak bigarren zatian, eta bide onetik hasi ziren. Hirugarren minuturako, Asier Nietoren gol bati esker, Jacobo Cuetararen mutilak berriro sartu ziren kanporaketan (18-16). Hala ere, portugaldarrek bost goleko abantaila berreskuratu zuten, baina kanporaketa ez zegoen erabakita. Bidasoarren 1-3ko partzial batek neurketa bizirik eraman zuen azken bost minutuetara. Nor baino nor ibili ondoren, Bidasoak oso garesti saldu zuen azala, baina sei golengatik galduta (34-28), agur esan diote Europari.
Europa Liga pasata, Asobal Ligan zentratu beharko dute irundarrek. Bidasoak Logroño La Rioja jasoko du larunbatean Artalekun, 18:30ean. Partida garrantzitsua da bidasaorrentzat. Cuetararen mutilak laugarren dira sailkapenean 24 punturekin, eta Logroño seigarren da, 23rekin. Gakoa izango da irabaztea goiko postuetako lehian jarraitzeko.