1936tik 1945era bitartean hildako irundarren errolda osatu du Irungo Udalak
Udalaren orrialdean kontsulta daiteke 324 hildakoen gaineko informazioa. Horrez gain, errepresio militarrari buruzko datu basean 3.000 pertsona baino gehiago jaso dituztela jakinarazi dute. Oraindik bukatu gabe dago datu base hori.
Irungo Udaleko Memoria Historikorako Bulegoa 1936ko estatu kolpearen eta 1945. urtearen arteko giza eskubideen urraketa eta errepresioa ikertzen ari dela jakina da. Ildo horretan, atzo urrats berri baten berri eman zuten: 1936ko gerran eta errepresio frankistak hildakoen errolda ofizial bat egin dute.
Aurkezpenean Santi Jimenez Memoria Historikoaren ordezkaria eta Aitzol Arroyo Memoria Historikoaren teknikaria izan dira. “Errolda horretan jasotakoan 1936ko gerraren eta errepresio frankistaren harira desberdin pentsatzeagatik edo, besterik gabe, une eta leku okerrean egoteagatik eraildakoak dira”, azaldu du Jimenezek.
Ikerketa hau egitearen arrazoia, Memoria Demokratikoaren 20/2022 Legeak eskatzen duela izan da. Zehazki, lege horren 9. artikuluaren earabera biktimen Espainiako Estatu mailako erregistro eta erroldari buruzkoan, “administrazioek lan horiek egin behar dituzte eta egiten lagundu”.
Jimenezek nabarmendu du “basakeria hori ahanzturatik berreskuratzeko eta horrelakorik berriro ez gertatzeko beste ahalegin bat” dela errolda berria.
Errolda
Gerrak eta gerraosteko errepresio frankistak 324 irundar akabatu zituela zenbatu du departamentuak. Heriotzen kausak askotarikoak dira: fusilamendua, erailketa, bonbardaketak, espetxe-heriotza edota kontzentrazio esparruetan preso egon bitartean izandakoak.
Aipamena egin diote genero ikuspegiari. “Biktima guztietatik 21 (%6,52) emakumeak izan ziren: hamalau bonbardatuta hil ziren, Katalunian nagusiki; bost (tartean, gudu zelaian eraildako bi bakarrak), fusilatuta; bat, zehar kalteen ondorioz, behin Irungo gudua bukatuta granada bat lehertuta; eta bestea, gatibualdian erailda”.
Orain arte artxiboetan arakatzen eta datu baseak sortzen aritu direla azaldu du Arroyok, “baina inoiz ez da ofizialki jaso 1936ko gerran hildakoen eta frankismoaren biktimen errolda gisa”.
Izen abizenak, jaioterria, bizilekua, eskubide urraketaren eguna, lekua, urraketa mota, erregistroaren iturria eta hainbat ohar ikus daitezke sortutako dokumentuetan. Udalak sortutako dokumentuak abizenaren arabera daude ordenatuta, izen gabeko bi izan ezik, horiek A hizkiaren zerrendan sartu dituzte.
Atzo aurkeztutakoa “lagin bat” dela dio Arroyok, baina beharrezkoa ikusten zuten lanaren zati bat publikatzea, denbora pasa baita urrian legea onartu zenetik: “Memoria historikoan gabiltzanok badakigu prozesu hau ezin dugula inoiz amaitutzat jo, beti ateratzen deako beste zerbait. Esaterako, aste honetan beste bi biktimaren berri izan dugu. Ziurrenik hemendik sei hilabetetara gaurko zenbaki hau txikiagoa izango da geroago aurkeztu daitekeenarekin alderatuta”.
Errepresio militarrari buruzko datu basea
Bestetik, Errepresio militarra Irunen 1936tik 1945era bitartean proiektuarekin dabil Memoria Historikorako Bulegoa. Erroldan hildakoak jaso badira, honetan errepresioak eragindako giza eskubideen urraketen biktimak jasotzen ari dira, eta dagoeneko ia 3.600 pertsonen berri izan dute.
Ikerketa duela urte batzuk hasi zuten eta oraindik bukatzeke dago. Hainbat artxiboz baliatzen ari dira, hala nola, Euskadiko Artxibo Historikoa, Espainiako Artxibo Historikoa edota Itsas Charenteko Departamenduko Artxiboa.
Behin-behineko datua da atzo emandakoa, eta 20.000 dokumenturen baino gehiagoren kontsulta, aipatutako garaiko 2.000 egunkariren hustuketa eta garbitu, espetxeratu edo zigortutako irundarren 1.000 espediente pertsonalen baino gehiagoren azterketa izan da.